Sortuk IV. Kongresuko itxiera batzarra larunbatean, ilbeltzaren 24an, egin zuen. Alderdiak "konpromiso berritu batekin heldu dio aldi berriari: nazio askapen mugimendua Euskal Herriaren mesedetan jartzea, askapen prozesuaren alde lan eginez eragile eta herri dinamiketan. Egungo fase politikoan, euskal proiektu nazionala eraberritzeko, politikaren zentzu eraldatzailearekin birkonektatzeko, eta euskal estatuaren oinarriak eraikitzeko erronkak markatu ditu”.
Horretan ariko da Sortuko zuzendaritza berria. Nazio Idazkaritzara aurkeztutako hautagaitzak militanteen babes zabala jaso zuen bozketetan, % 96koa. Haren bideorria Herri gogoa ponentzia izanen da. Zuzendaritza berria hamabost kidez osatuta dago, eta Xabi Iraola Larraia koordinatzaile orokorra da. Zuzendaritzan Oihane Agirre Ulaiar urdindarra dago, Sorturen barne komunikazio arduraduna izan dena. Urdindarra Ernai erakundean hasi zen militatzen eta Sortuko Nafarroako idazkaritzako kidea da 2022tik. Mugimendu feministako kidea ere bada.