AHT ibilbide proiektua

AHT egitasmoak alternatiba baduela azaldu diete urdindarrei

Guaixe 2026ko otsailaren 13a

Urdiaingo udaletxeko auzoa bete egin zen. UTZITAKOA

Ministerioaren egitasmoaren berri ematearekin batera, mahai gainean dagoen alternatibaren berri eman zuten.

Makina bat urdindarrek bat egin zuten auzoan otsailaren 11n, asteazkenean. Ministerioak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlana jendaurrean jarri du. Haren arabera, Urdiainen AHTko bi trenbide eta egungoa hartuko lukeen plataforma bat eraikiko litzateke, 20 metro inguruko zabalera lukeena. AHT egitasmoak gauzatzeak herrian eta Sakanan eraginen lituzkeen ondorioen berri eman zuten. 

Ministerioak aurkeztutako proiektua bertan behera uzteko alegazioak aurkezteko epea zabalik dela jakinarazi zuten. Idatziak sinatzeko epea martxoaren 6ra arte izanen da zabalik. Aurreneko alegazioak han jaso zituzten. Bertaratuei jakinarazi zietenez, egitasmoak alternatiba bat badu, eta hori "gaur egungo trenbidea bikoiztean eta modernizatzean datza", azaldu zuten.  

Azkenik, bideo baten grabazioan parte hartzeko gonbidapena egin zuten. Martxoaren 14rako manifestazioa deituta dute. Haren berri emateko bideoa otsailaren 15ean, igandean, 11:30ean Izurdiagako geltokian eta 16:30ean Uharte Arakilgo geltokian grabatuko dute.