Astekaria

"Sentimenduak eta esperientziak konpartitzeko modu hoberena da poesia"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko maiatzaren 12a

Aimar Rollan idazlea 'Versos contra el reloj' liburuarekin.

'Versos contra el reloj' poema liburuan aitatasunari buruzko pentsamenduak elkarbanatzen ditu Aimar Rollan idazleak; egunerokotasunari buruzko errelato bat da.

Aitatasunari buruz hitz egiten du Urdiainen bizi den Aimar Rollan Gonzalez idazleak Versos contra el reloj poesia liburuan. Izenburuak dioen bezala, erlojuari tarteak kenduz idatzi ditu poemak. Gai unibertsala landu du, eta horregatik "edonork irakurri eta uler" dezakeela esan du. Nafarroako Liburutegian eta Urdiaingo liburutegian aurkezpenak egin ditu, eta maiatzaren 18an Iruñeko Civicanen izanen da ere. Aurkezpen gehiago egitea aurreikusten du. 

Zeri buruz hitz egiten du liburuak? 
Versos contra el reloj aitatasunari buruzko poema bilduma bat da. Lotus azul argitaletxearekin argitaratu dut. Hogei bat poema dira, eta denak nire esperientzia aitatasunarekin lantzen dute. Hiru haur dauzkat: bi, hiru eta bost urtekoak, eta urte hauetan ez dut idazteko denborarik izan. Hamabi urte daramatzat idazten, hau nire hamabosgarren liburua da, eta ez dut eleberriak idazteko ez denborarik ez aukerarik. Momentu honetan sentimenduak, pentsaera eta esperientzia konpartitzeko modu hoberena poemak izan dira. 

Bat-batean sortutako poemak dira edo idazteko eser izara? 

Denborari eta isiltasunari lapurtuz idatzi dut liburua, izenburuak dioen bezala. Gauerdian, kotxean edo haurrak siesta botatzen duten bitartean idatzi ditut. Horrelako tarteetan. Hori da liburuaren gakoa. Ez da idazle bat eseri dela bere isiltasunarekin, bere momentua hartuz. Azkenean, poema guztiek daukate hari bat, eta hari hori da nire egun bateko, aste bateko edo urte bateko esperientziak. Gauetik, gauean zehar esnatzera, gero gosariak, lanera joatea, siesta, erosketak egitea, afariak... 

Egunerokotasuna islatzen dute.

"Narrazio bat bezala da; badago hari bat, ez dira poema soilak, gai unibertsala da"

Hori da. Narrazio bat bezala da. Badago hari bat, ez dira poema soilak. Hari bat daukate. Nire asmoa zen adieraztea eta nire esperientzia konpartitzea, baina unibertsalak dira. Aita eta ama guztiok badaukagu, modu batera edo bestera, esperientzia oso antzekoak. Irakurri dutenak identifikatuta sentitu dira. Zerbait oso unibertsala da. Hau nire bigarren poema bilduma da, gehienbat eleberriak, narrazioak eta saiakerak idatzi izan ditut. 

Behar batetik sortu da? 
Bai. Poesia orain da modu egokiena sentitzen dudana esateko. 

Idazten jarraitzen duzu? 
Bai. Beste poema bilduma bat daukat zirriborroan. Hori esklusiboki idatzi dut haurra siestan zegoenean, Urdiaingo basoan. Kotxean joaten nintzen ez zelako lokartzen, eta tarte horretan idatzi dut. Ez dakit noiz argitaratuko dudan, baina egina dago. 

Aurretik zeri buruz idatzi duzu? 
Denetarik idatzi dut. Oso polifazetikoa naiz, eta hasieran yoga eta meditazioari buruzko saiakerak izan ziren. Ni yoga irakaslea nintzen, orain dagoeneko ez, eta horri buruz idazten nuen. Gero narrazio laburrak edo ipuinak ere argitaratu ditut, poema bilduma bat eta eleberri bat. Duela hiru urte argitaratu  nuen azkenekoa eta Gipuzkoan kokatutako istorio bat da. Momentu horretan denbora gehiago nuen. Antzerki esperimental bat ere idatzi nuen. Orain ideia pila bat ditut buruan eta idazten jarraitzea espero dut; haurrak eskolan hasten direnean goizak libre izango ditut eta gehiago idaztea espero dut. Beste eleberri bat idaztea gustatuko litzaidake. Aurreko urtean haurrendako ipuin bat kaleratu nuen: La corriente mágica. Genero guztiak landu izan ditut. Orain arte gaztelaniaz izan dira, baina euskaraz haurrendako ipuin bat idazteko ideia daukat. Nire asmoa da aurten edo hurrengo urtean kaleratzea. 

Zer da zuretzat idaztea edo sortzea?

"Betidanik izan dut idazteko behar hori; barruan dudana adierazteko beharra"

Betidanik izan dut behar hori. Barruan dudana adierazteko edo idazteko behar bat da. Niretzat idaztea terapia bat da, bizimodu bat, eta zerbait oinazrrikoa. Argitaratu edo ez, arrakasta izan edo ez; adierazteko eta idazteko sentimendu hori daukat. Gainera, ideia pila bat ditut. Koadernotxo batean ideiak apuntatzen ditut, eta 30 bat ideia ditut itxoiten. 

Eta nola sortu zen liburu hau argitaratzeko ideia? 

"Poemak idazten joan nintzen, eta hogei bat nituenean, potentziala zuela ikusi nuen"

Poemak pixkanaka idazten joan nintzen eta hogei bat nituenean argitaratzeko aukera ematen zuela pentsatu nuen; potentziala zuela. Gaia unibertsala da. Zirriborroa jarraian idatzi nuen, baina fintzeko denbora tarte bat behar izan nuen, eta argitaletxeak bilatzen hasi nintzen. Gaur egun zaila da liburu asko idazten direlako. Bost edo sei argitaletxetara bidali nuen eta honek erantzun zidan; Valentziakoa da. 

Zenbat denboran idatzi duzu? 
Hiru edo lau hilabeteetan. Baina barruan duela lau urte inguru sortu zen zerbait, eta idazteko momentua iritsi zenean dena jarraian atera zen.  

Zer esan dizu jendeak? 
Gertukoek badakite nolakoa naizen eta ez die hainbeste harritu poema bilduma hau kaleratu izanak. Gaur egun poesia ez da hainbeste saltzen, ez du asko mugitzen; baina nitxo fidel bat dauka. Nik uste poesia gehiago mugitu behar dela. Nafarroako idazleen elkarteko kidea naiz eta duela gutxi irakurketa bat egin genuen Iruñean. Eleberri asko ditugu eta arrakasta duten idazleak nobelistak dira. Poesia zaila dela bezala ulertzen da, hitz bereziak izango dituela, abstraktua eta bohemioa bezala ikusten da. Baina nire poemak oso errazak eta apalak dira. Bertso librea da, eta irakurtzeko erraza. Narrazio bat. Nire aitatasuna poesiaren bitartez kontatuta. 

Sare sozialetan ere mugitzen zara, ezta? 
Bai. Hamar urte daramatzat Youtuben bideoak igotzen. Hasiera batean yogaren eta meditazioaren inguruan hitz egiten nuen, eta duela lau urte aldatu nuen eta dagoeneko ez dut hori lantzen. Orain literaturari eta kulturari buruz hitz egiten dut. Filologia eta literatura hispanikoa ikastean ari naiz UNEDen; ia hamar urte daramatzat ikasten, pixkanaka ari naiz, eta lantzen ditudan liburuak ez dira oso ohikoak, hortik datoz. Dena gustatzen zaidalako egiten dut, gustuagatik; nik nire lana daukat eta gustura nago, eta hau egiten dut gustatzen zaidalako. Jarraitzea espero dut. Edonork irakur eta uler dezake.