Astekaria

"Abestiak disfrutatzeko egiten ditut"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko maiatzaren 28a

Gaizka Lanas musikaria.

Gaizka Lanas musikari urdiaindarrak 'Kaos' abestia kaleratu du, bere "proiektu pertsonalean" lehenengoa. Abestiak sortzen gustura dago, espektatibarik gabe.

Apirilaren 20an kaleratu zuen Gaizka Lanas urdiaindarrak Kaos abestia, bakarlari bezala kaleratu duen lehenengo lana, baina ez azkena. Disfrutatzeko sortu du proiektu berria. 

Nola sortu zen 'Kaos' abestia? Nondik dator? 
Naturaltasunetik dator. Proiektua oraintxe bertan, edo ez dakit nola deitu, pixka bat pertsonala da; pixka bat, ez, guztiz pertsonala da. Eta hortik sortu zen. Nire esperientzia eta oraintxe bertan sentitzen naizen moduan idazten ibili naiz, eta Koa izan zen idatzi nuen letra bat eta horrekin abestia sortu nuen. 

Proiektu pertsonala. 
Musikarekin beste estilo batzuekin probatu nahi nuen, nolabait esateko. Haizkanekin ibili gara, jarraitzen dugu, baina nahi nuen beste bide batetik joan eta justu atera zitzaidana grabatu nuen inolako aurreiritzirik gabe, eta hau atera zen. Hau izan zen pixka bat nire ideia. Ateratzen dena grabatuko dut eta listo. 

Zergatik grabatu? Nola sortu zen aukera? 
Haizkanekin geldialdi bat izan genuen, nire rayadak musikarekin, gozatu nahi nuen hasi nintzelako egiteagatik egiten eta paroi bat behar nuela esan nuen. Disfrutatzeko. Sortzen hasi nintzen eta sortzen hasi nintzela gauzak horrela sortu ziren. Hasi nintzen pentsatzen ez legokeela gaizki nik nirea nire aldetik egitea, nahi dudalako eta horrela sentitzen dudalako, eta horrela sortu zen; etxean lagun batekin, Urkorekin, lagundu zidan gela batean gela akustikoa sortzen eta hor egin genuen estudio moduko bat eta hor grabatu dut. 

Haizkanen, beraz, geldialdia egin zenuten?
Azkenean, urte intentsu batzuk izan dira. Hasiberriak ginen eta ez genekizkien gauzak. Pasa ginen, ni batez ere, disfrutatzetik ez sufritzera, baina ez nuen ilusiorik. Orduan, geldialdi horrek ongi egin zigun, eta orain hasi da berriz Haizkan. 

Bakarlari bezala lehenengo abestia kaleratu duzu. Gehiago etorriko dira? Sortzen jarraitzen al duzu?
Bai, egongo dira. Hemendik gutxira kaleratuko da beste abesti bat, baina ez dut buruan sekulako proiektua egitea, denbora asko pentsatua daramadana. Pixka bat da hori, gustura banago, ongi sentitzen banaiz eta jarraitu nahi badut, jarraituko dut. Abestiak egingo ditut eta ateratzen joango naiz. Ez dut beste intentziorik proiektu honekin.  

Nola sortzen duzu? Abestiak etortzen zaizkizu eta sortzera eseri behar zara? 

"Orain momentua iristen da, jartzen naiz, eta ateratzen zait; gusturago egiten ditut"

Nik uste lehen zela gehiago jartzen nintzela abestia egitera eta horregatik ateratzen zitzaizkidan gustura gelditzen ez nintzenak. Orain gehiago momentua iristen da, jartzen naiz, eta ez dut pentsatzen sortu nahi dut horrelako abesti bat edo hemendik edo hortik joango naiz. Ateratzen zait, eta nahiago dut horrela izatea. Deskubritu dut horrela gusturago egiten ditudala abestiak. Letrekin pixka bat berdin. Edo aurretik idazten dut edo abestia ez dakit nolakoa den eta horrekin laguntzen letra bat sortzen dut. 

Talde bateko kide izatetik bakarrik egitera. Desberdintasunik? 
Bai. Talde bat askoz dibertigarriagoa da. Nahiago dut taldearekin sortu, entseatu, afariak, eztabaidak... Bakarrik alde onak eta txarrak ditu. Zuk aukeratzen duzun guztia aurrera doa, eta taldean harreman bat da eta harreman guztietan bezala ere gauza onak eta txarrak daude. Erabakiak ezin dituzu zuk bakarrik hartu. Baina biak ongi daude. 

Zuzenekoak emango dituzu? 
Momentuz ez. Ez dut agenda ireki, esaten den bezala. Nahiago dut momentu honetan abestiak prestatzen eta kaleratzen joan, bideoren bat egingo dut eta jendeak nahi badu entzun dezala. Iristen bada momentua agian prestatu dezaket zuzenekoren bat, baina ideia da oso lasai abestiak kaleratzen joan eta disfrutatu. 

Nola deskribatuko zenuke zure estiloa? 
Ez dakit. Alternatiboa? Beste abesti batzuk grabatuta daude eta Kaos estilo batekoa da, baina besteak beste batekoak. Hori da ideia. 

Zein izan da jendearen 'feedback'-a?
Egia esan, oso ona izan da. Musika aurretik egin baduzu jendeak aurreiritzi bat dauka eta jendeak abesti hau entzun duenean esan du: Zer da hau? Ongi hartu du. Iritziak positiboak izan dira, eta oso pozik nago, egia esan. Jendeak ez zuen espero, sorpresa izan da. 

Sare sozialetan ere mugitzen zara. 

"Erdigunean abestiak egongo dira, asko landuko ditut; bestea gehigarri bat da"

Hori nahi nuen filosofia, edo ez dakit nola deitu, sare sozialei garrantzia handirik ez ematea. Pixka bat zaindu nahi dut, adibidez Izadik egin duen ilustrazioarekin eta horrelako gauzekin, baina zerbait xumea izatea nahi dut. Erdigunean abestiak egongo dira, horiek bai asko landu nahi ditut; sare sozialak gehigarri bat dira. 

Abestiaren irudia Izadi Barandiarenek sortu zuen. Nola sortu zen?
Izadik eta biok Arkangoan lan egin genuen. Arte Ederrak ikasten ari da, orain Puerto Ricon dago, baina aurretik ideia neukan berarekin zerbait egiteko eta esan nion ea prest zegoen eta baietz esan zidan. Letra egina nuenez bidali nion eta letrarekin boligrafoz marrazki hori egin zuen; oso guapo dago.

Espero zenuen harrera hori izatea? Espektatibarik?
Beti espero duzu zerbait jendearen partetik. Hau ere gai zaila da. Haizkanekin espero izan dudalako edo espektatibekin hasten zera eta denok nahi dugu kakotxen artean arrakasta; hori ere nahiko subjektiboa da. Horregatik proiektu honekin nahi nuen atera, lasai, nahi dudalako, eta joan espekatatibarik gabe. Eta oso pozik. Oso ondo daramat. 

Esperientziatik ikasi al duzu? 
Bai. Disfrutatzeko egin dut eta disfrutatzen ez dudan momentuan, gelditu ez, baina planteatuko dut. 

Haizkan ere hor dabil? 
Hor dabil. Bagabiltza. Ilusioarekin berriz. Dinamika desberdina da, aldatuko da, jendeak ikusiko du. Espektatibarik ez dut egin nahi, baina gaia atera denez, dinamika aldatu dugu, baita abestiak egiteko modua eta lan egiteko modua ere. Gure artean hitz egin genuen eta oso guay. Pila bat disfrutatzen ari gara. Eukenek soinu teknikari gradua atera zuen eta grabatzen ere ibili gara. Oso gustura. 

Nola uztartzen duzu lana, bizitza eta alde artistikoa? 
Balantza egitea garrantzitsua ikusi dut eta nire filosofia orain da disfrutatzea. Abestietan ikusten dut egin dudala nahi dudalako. Entzuten dut eta pila bat gustatzen zait. Baina desgastea fisikoki eta mentalki nabaritu dut.