1000 GUAIXE

"Guaixe guretako herriko informazioa da, beste modu batean ez duguna, eta euskaraz"

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 13a

Francis Irigoien Ostiza. UTZITAKOA

Francis Irigoien Ostiza, 100. Guaixeko inkesta erantzun zuen

1. Zer datorkizu argazkia ikusita?
Zenbat denbora pasatu den (kar-kar), eta zein gaztea nengoen. 

2. Guaixen atera zinela bazenekien? Zerbait esan zizuten? Noizbait zerbait esan dizute? 
Ez ba, ez nintzen gogoratzen. Arraso ahaztuta. Ziur momentu hartan etxekoek zerbait esango zidatela, baina gogoratu, ez. 

3. Zer suposatu du Guaixek zuretzat?
Guaixe gauza ona da, Sakanako berriak ematen dituen astekaria, Sakanako kontuak, Sakanan pasatzen diren gauzak, ekitaldiak, programazioak... kontatzen dituena, eta, gainera, euskaraz. Guaixe sortu zenean, hasieran zaila eta arraroa egiten zen euskaraz irakurtzea, guk ez genuelako euskaraz leitzeko ohitura, baina gaur egun Guaixe ez bada etortzen faltan botatzen dugu. 

4. Ondoren noizbait gehiago Guaixen atera zara? Zergatik?
Gure Eskuko festa eta bozketa eguna zela eta, taldetxo batek itxajua bota genuen Urdiainen, eta horregatik Guaixen atera ginen. Izan daiteke gehiagotan ateratzea ere, baina ez dut gogoratzen. Bestalde, Guaixen atera izan dira nik bidalitako argazkiak. Niri argazkiak ateratzea horrenbeste gustatzen zaidanez, tarteka bidaltzen ditut. Mamoxarroen pare bat Guaixeko azala izan ziren. 

5. Nola ikusten duzu Guaixe etorkizunean?
Ondo ikusten dut. Teknologikoki aurrerapen asko eta azkarrak egon dira, orain ia dena digitalean dago, eta ikusten dut horretan ere Guaixen aurrerapenak egon direla: webgunea du, irratia, paperezkoa. Beraz, Guaixek segitzeko etorkizuna duela ikusten dut. Nik jarraitu dezala nahi dut, guretako herriko informazioa delako, gertuko gauzak, beste modu batean ez duguna. Urdiaingo gauza gehiago lantzea eskatuko nuke. Badirudi soilik herri handietako albiste handiak direla garrantzitsuak, baina ez, gauza txikiek bere interesa dute, eta gauza horiek jakinarazi behar dira. Guaixek segi dezala, zeren denoi –niri, familiari, amari...– Guaixe begiratzea gustatzen zaie. Segi dezala.