Txirrindulariak

Urdiain Trofeoko tartekako helmugen saria, Sakana Groupeko Mikel Casadorendako

Guaixe 2026ko uztailaren 9a

Mikel Casado, tartekako helmugen sariarekin eta Sakana Group-Aralarko taldekideekin. ARALAR T.T.

Kadeteen mailako VIII. Urdiain Trofeoko txapelduna Izan Ariz (Erro y Eugui) izan zen, esprintean

Uztailaren 3an kadeteen mailako tropela Urdiainen bildu zen, VIII. Urdiain Trofeoan. Beroa izan zen Iturmendi eta Ziordia artean jokatutako 54,5 kilometroko lasterketaren ezaugarri nagusia, eta sargoriari aurre eginez tartean Altamira bitan igo behar izan zuten txirrindulariek. 

Lasterketa mugituan, guztira 59 txirrindularik osatu zuten proba. Helmugara hamazazpi txirrindularik osatutako taldea heldu zen batera, eta esprintean Izan Ariz (Erro y Eugui) gailendu zitzaien (1:20:17) Unai Fernandez de Pinedori (Ford Garaje Moderno) eta Ur Atondori (Dimaq). Ekaitz Zufiaurre (Quesos Albeniz) urdiaindarrak etxean jokatzen zuen eta zazpigarren sailkatu zen, Top10ean. Egoi Urtasun (Quesos Albeniz) urdiaindarra ere hasierako talde horretan helmugaratu zen, hamazazpigarren. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Agirre (Quesos Albeniz) hemeretzigarren iritsi zen helmugara; Mikel Casado (Sakana Group-Aralar) 21.; Ezkai Lakuntza (Quesos Albeniz)39.; Hodei Audikana (Quesos Albeniz) 46.; Unax Galardi (Sakana Group-Aralar) 49. eta Unax Mazkiaran (Quesos Albeniz) 59. 

Sakana Group taldeko Mikel Casadok tartekako helmugen saria jaso zuen, eta Hugo Alonsok (Erro y Eugui) mendiko saria.