Juan Andres Aristizabal Mori egurketaria izan zen, eta egun, 95 urterekin, egur loteak egiten segitzen du. Urdiaingo loteak zazpi eta zortzi tona bitartekoak dira. Aristizabalek esan duenez, "lehendabizi zuhaitzak bota egiten ditut, eta basoan hilabete uzten ditut. Nolabait zuhaitza hostoekin dagoen, hostoek izerdi dena kentzen diote eta enborra lehortzen dute. Izerdia bukatzean hostoa tabakoa bezala jartzen da. Eta egurra lehor-lehorra eta txuri-txuria gelditzen da". Urdindarrak zehaztu duenez, "pagoak ilberrian bota behar dira, egurra txuria ateratzen da. Ilondoan botatzen bada, egurra gorria da eta pisu gehiago du, ez da lehortzen".
Gaur aurrerapen gehiago daude, erraz egiten da lana
Adierazi duenez, "hemengo jendeari ez zaio haritza gustatzen. Haritza pagoarekin nahasita ona da: pagoarekin sua egin eta brasa dagoenean haritza bota. Haritzak gehiago irauten du". Ziurtatu duenez, "haritza lehortzeko hiru urte behar ditu. Hemen jendeak ezin du hiru urte itxaron, askok ez dute lekurik". Nabarmendu duenez, "sutarako onena pagoa da: sua egiteko erraza eta ke gutxi botatzen du. Tximinia ez da zikintzen". Baina, gaineratu duenez, pagoa nolanahi botaz gero, ondoren ez da ongi erreko. "Egurrak behar du haizea hartzea eta ez bustitzea. Ongi lehortu gabe sotoetan-eta sartzen baduzu, lizundu egiten da. Asko bustiz gero belzten da, eta urak indarra kentzen dio".
Basotik etxera
Hostoa erabat gorrituta dagoenean enborrak moztu eta etxera eramaten ditu Aristizabalek, traktorearen atzeko aldean jarritako kaxoian. "Bi lagun baleude, bai, gurdian. Baina bakarrik paliza handia da gurdia. Metro bat gora bota behar da egurra. Eta paleta jartzen baduzu, ongi. Baina pago artean, basoan ibiltzeko, txarki". Basoko lana bakarrik egiten du. Lan horiek egiteko motozerra, aizkora, kablea eta kabrestantea eramaten ditu berarekin. "Gaur aurrerapen gehiago daude, erraz egiten da lana". Baina zuhaitzak botatzea arriskutsua denez, orain kaskoarekin ibiltzen da.
Hiru traktore bidaiarekin etxe ondoko lan eremua betetzen du. Traktoreari jarritako pistoi batekin pago zatiak lehertzen hasten da. "Eta lehertu ahala gurdira botatzen dut egurra. Eta gurdia bete ondoren, baratzeko bazter horietan lehortzen jartzen dut. Eta negurako, barrura". Pistoirako bi aho zorrotz ditu, Aristizabalek berak asmatu eta egindakoak. Batek enborrak erditik lehertzen ditu. Besteak, hirutan. Azken hori egur txeheagoa egiteko erabiltzen du.
Aristizabalek aitortu duenez, "netako gutxi egiten dut. Nik, beharbada, lau urteko egurra dut, soberan". Besteen egur loteak egiten aritzen da. "Baina bakoitzak duen suaren arabera mozten dut egurra, batzuendako 30 cm-koa, besteak 40". Egur loteez aparte, urtero kamioikada bat egur ekartzen du, 32 tona. "Hura jendearendako egiten dut, saltzeko".
Urdindarra beti pentsatzen dabil, "lana errazago egiteko. Beti esaten dute gauean pentsatzen dena hobeto ateratzen dela. Goiza hobea da gauza denetarako". Hala, esaterako, enbor zatiak pistoira banan-banan igotzen ibili beharrean, traktoreari plataforma bat egin dio eta han hainbat enbor zati jartzen ditu eta horiek gerriaren altuerara igota, egurra lehertzen eroso ibiltzen da.
Urdindarrak esan duenez, "aurten basorako ikaragarri ondo dago, lehor. Baratzea ere eramaten dut, baina baratzerako txarra, dena ureztatu behar, txarra. Badugu hilabete pasa bero eta euririk egin gabe". Goizean goiz basora joaten da, lanera, eta eguerdirako etxean dago. Arratsaldean atsedena hartzen du. Lanean gehiegi nekatuz gero, "gauean kalanbreak" izaten dituela jakinarazi du. Horregatik, "lanari neurria hartu behar zaio".