Urriztin, Aitziberko ermitara, Sarabe baserrira eta Urdiaingo igerilekuetara daramaten bideen bidegurutze inguruan. Hainbat auto aparkatuta. Motozerra eta sasiak garbitzeko makinak lanean ateratako zarata. Haren azpitik arittoek edo eskuareek arrastan daramatenen soinua. Baita aitzurkada batzuk ere. Irailaren 27a da, domeka, eta 09:30etik hamarren bat urdindar garbiketa lanak egiten ari dira.
Karobien sukarra jota zaudete Urdiainen?
Benito. Ez dakit. Baina hemen markatuta hamabost karobi edo kisu labe daude: Urriztin, Laineko haitzean, gazteluko haitzean baita Araneko haitzean ere. Kilometro bateko inguruan daude denak. Hamabost horiek markatu ditugu, udaleko langileak eta nik. Orain dela bi urte hasi ginen markatzen eta non dauden ikusten. Kisu labe bakoitzaren koordenatuak hartu genituen. Piketak ere jarri genituen, baina denak desagertu dira. Ez dakit zer gertatzen den, baina dena desagertzen da. Eta beste sei kisu labe opatu ditugu ere.
Zer da kisu labe bat?
Aitziber. Nik orain arte ez nekien, azken hilabeteetan asko ikasi dut. Sobra ere, kisua lehenago gauza askotarako erabiltzen zen, esaterako: ukuiluak desinfektatzeko, ongarri moduan baratzeetan, etxeetako fatxadak txuritzeko, hormak egiteko... Urrizti inguru honetan kareharri asko dugu. Labeak egiteko zulo handiak egiten zituzten zoruan. Han sua egiten zuten. Mila gradutan kareharria berotu eta kisua lortzen zuten. Hiruzpalau egun irauten zuen prozesuak.
B. Lehendabizi kareharria eta egurra kisu labera ekartzen zen. Kareharria eta egurra bertan zuten, kisulabeak egiteko lekua oso ona zen. Labearen beheko partean egurra jartzen zen eta gainean kareharria. Ez dakit nola jarriko zuten, baina kupula moduko bat egiten zuten eta milaka kilo sartzen zituzten. Sua eman eta gau eta egun kisu labearen ondoan lanean egoten ziren. Pertsona bat edo bi egoten ziren hemen sua zaintzen.
Zeinek lan egiten zuen kisu labean?
B. Ez dakit. Baina bakarren bat egonen zen, beharra zegoen eta. Normalean, familiak izaten ziren egoten zirenak. Esaterako, familiak etxea egin behar bazuen. Beste kisu labe batzuk herriarendako, edo beste zerbaitendako egiten zituzten. Ez dakit negozioa izango zen, baina lan handia bai.
Hainbeste erabilerarekin, kisu asko behar zuten?
A. Ustez, bai.
Noiz utzi zioten kisua egiteari?
B. Porlana sortu zenean. Migel Angel Sagaseta Ariztegi apaizarekin egon nintzen. Hark esan zidan kisu labeak lehenago galdu zirela, 1903an Olatzagutian porlandegia zabaldu zutelako. Porlana eskuratzea errazagoa zen kisua egiteko lan guztiak hartzea baino, horregatik, kisuaren kontu denak utzi zituzten.
Nolaz daude hamar bat urdindar kisu labeak berreskuratzeko lanean?
B. Hemen "ero" asko gaude (barrez). Eta domeka goizean hau gustura egiten dugu. Nik proposamena egin nien eta jendea etortzen hasi da. Kisu labeak berreskuratzeko gogoa zuten eta hemen daude, lanean. Eta jende gehiago etortzen bada, hobe.
Ez da aurreneko aldia Urriztira etortzen zaretena, ezta?
A. Ez, hirugarren eguna da. Lehendabizikoan jende asko etorri zen. Hemen zer dugun erakusteko izan zen. Bidetik gertu dago eta orain arte ez genekien zulo horiek zer ziren ere. Berrogei lagun egon ginen, familiak-eta. Garbitzeko kontuetarako, ikusiko dugu jendea nola bulkatzen eta segitzen dugun. Batzuk fidelak dira eta horiekin aurrera egiten ari gara.
Zer da herritar laborategi bat?
A. Ni Urdiaingo liburutegiko arduraduna naiz. Maiatza aldera posta elektronikoa jaso nuen. Esaten zuen Nafarroako Gobernuak ekimen berri bat zuela: laborategi esperimental herritar kolaboratzaileak. Pentsatu nuen kisu labeak berreskuratzeko proiektua sar zitekeela. Bidali nuen eta Nafarroako Gobernuaren baiezkoa jaso nuen. Materia gabeko ondarea eta gure kultura berreskuratzeko atalean sartu zuten. Urdiaingoaz aparte, beste bederatzi proiektu handiagoak daude: osasungintzakoak, harrera familiak... Planteamendua da edozein herritarrek parte har dezakeela hamar proiektu horietako edozeinetan. Urdiainen kasuan, norbaiti bururatzen bazaio nola osa daitekeen kisu labeen proiektua, gu entzuteko eta zer gehiago egin daitekeen jakiteko prest gaude. Gure asmoa da kisu labe bat berreskuratzea eta azalpenak ematen dituen ibilbidetxo bat sortzea. Ea zertarako ematen duen honek.
Asmoa hori da? Kisu labea berreskuratzea?
B. Bai, berreskuratzea eta ez galtzea. Zeren hiruzpalau galdu dira: bideak egin dira, baso aprobetxamenduak egon dira... Gainera, hemen bertan daude. Ez daude lau kilometrora, bidetik bi metrora daude kisu labeak. Hori guretako oso ona da.
Eta, geroz, bestelako laguntzak ere ongi etorriak?
A. Bakarren bat ordenagailuarekin trebe bada, eta irudikapena egiteko prest balego, Internet sarera igo eta QR kode batekin lotuko genuke, jendeak informazioa eskura izateko. Proposamenak lastailaren 15era arte jasoko ditugu interneteko galdetegi baten bidez (labur.eus/kdeh35c0) eta lastailaren 22an aukeratu ditugun ekimenak argitaratuko ditugu. Haietakoren batean lagundu nahi duten pertsonendako deialdia zabalduko dugu. Azkenik, azaroaren 6an, ostirala, arratsaldez, herritar laborategia eginen da.
Lekunberrira, zertara joan zarete?
B. Lekunberrin kisu labeak, garbitokiak eta gauza asko berreskuratzen dituen talde bat dago. Kisu labe bat nola berreskuratu zuten ikusi nuen. Eta nola egin eta nola utzi zuten ikustera joan gara. Ideia batzuk hartzeko. Lan asko egin zuten. Gainera, talde sendoa da, orain dela denbora asko martxan dabil.
Kisu labeen memoria badago Urdiainen? Urdiaindarrak gogoratzen dira?
A. Sarabeko izebarekin hizketan egon nintzen eta esan zidan bera gogoratzen dela azken kisu labeaz. Sobra ere, Zubiria batek erabiltzen zuen. Hura etxeak-eta txuritzen aritzen zen. Ofizioz igeltseroa edo kisugilea zen. Duela 70 edo 80 urteko kontuak dira. Nik dakidala hori da kisu labea erabili eta horretan lan egiten zuen azkena. Benito saiatu da.
B. Garai batean lanbide horretan ibilitako urdindarrik dagoeneko ez dago. Nik jende pila bati galdetu diot, jende jarriari, eta ez zekiten kisu labeak non zeuden edo zein ziren kisugileak. Bazegoela bazekiten, bai. Ni hemen, Urriztin, 18 urterekin lanean egon nintzen. Gure arduraduna Gerardo Irigoien zen. Nik galdetu nion. Zeren hemen bost kisu labe daude. Han beste sei zeuden, eta haietatik hiru galdu dira. Nik gutxi gorabehera banekien, baina Irigoieni galdetzen nion: "baina, hau? Hau zer da?" Erantzun zidan: "hau kisu labea da, hemen kisua egiten zuten". Esan zidan berak ez zuela ezagutu kisu laberik martxan. Esan zuen ere non ateratzen zuten kareharria. Gazteluko haitzaren azpian harrobi modukoa dago. Berak hori esan zidan.
A. Apika, gehiago galdetu beharko genuke. Horretan aritu nahi duen bakarren bat badago, Urdiaingo jende jarriarekin hitz egiteko prest badago... Lehengo informaziorik ez dugu.
B. Eta bakarren batek artxiboak begiratu nahi baditu... Nik uste dut artxiboetan gutxi dagoela. Normalean izugarrikeriaren bat egoten zenean agertzen zen edo kisu labea edo joan eta bila zer.
Urdindarrei zer esango zeniekete?
A. Hurrengo deialdian ea jende gehiago animatzen garen. Lanean gustura egoten gara. Ez da lan gogorra. Gure artekoa giro ona da. Anima daitezela. Eguna ez dugu zehaztuta. Eguraldiaren arabera izanen da, baina hurrengo hilabetean ziur beste deialdi bat egingo dugula.
B. Ea gutxi eta gutxi hasten garen. Dena garbitu, baina ea kisu labe batean zerbait egiten hasten garen.
Inkesta
Mikel Goikoetxea Zubelzu
Aurretik karobien berri zenuen?
Bai, Benitok esan zidan berreskuratu nahi zituela. Honen atzetik aspaldi dabil. Ea auzolanean eginen genuen galdetu zidan, eta baiezkoa eman nion. Gustura nabil.
Zergatik ari zara parte hartzen?
Gustatzen zait herriko lehenagoko gauzei eta ohiturei balioa ematea. Bai hemen inguruan dagoen Iruritako gaztelua, hauek hemen... Halakoak gustatzen zaizkit.
Proiektuak zer eman dizu?
Harrotasun puntu bat. Halakorik hemen bazegoenik ere ez nekien. Herritarrak pixka bat mugitu, halakoak berreskuratu eta jendearekin elkarlanean aritu, gustura pasatzen duzu.
Fernando Alonso San Martin
Aurretik karobien berri zenuen?
Ez nuen ideiarik. Benitok azaldu zidan. Interesgarria iruditu zitzaidan eta parte hartzea erabaki nuen.
Zergatik ari zara parte hartzen?
Basoak eta naturak erakartzen nau. Zuhaitzen artean saltseatzea gustatzen zait. Benitok kisulabeak garbitzeko prestatzen ari zela esan zidanean, bitan pentsatu gabe eman nuen izena. Ideia gustatzen zait.
Proiektuak zer eman dizu?
Basoan egotea, naturan, eta garai bateko jardunaren arrastoa agerian uztea... poza ematen dit. Ideia gustatzen zait.
Cesar Aristizabal Irigoien
Aurretik karobien berri zenuen?
Bai, lehengoko jende jarriari zerbait adituta. Haiek kontatu zidaten karea nola egiten zen, etxeko lanetarako: ukuiluetarako, zuhaitzetarako...
Zergatik ari zara parte hartzen?
Gure Historia da. Gure aurrekoen bizitzakoa da. Atzetik heldu den jendeak ikusteko zer egiten zen eta nola egiten zen.
Proiektuak zer eman dizu?
Ilusioa egiten dit jakiteak lehenagoko jendea hemen ibili zela, nola bizi zen. Eta orain gauzak nola aldatu diren, eta nola utzi dugun gauzok hiltzen.

