Sagaseta omendu zuten urdindarrek

Guaixe

Elizkizuna hainbat apaizek eman zuten. IGLESIA NAVARRA

Aurretik elizbarrutiko pastoraltza planaren aurkezpena egin zuten.  

Miguel Angel Sagaseta Ariztegi 1995 eta 2025 artean Urdiaingo apaiza izan zen. Hura omentzeko ekitaldia egin zen Urdiaingo elizan larunbatean, lastailak 31. Ezkila errepikak mezarako deia egin zuen. Omenduaz aparte Javier Aldabe Arbea, Patxi Izko Barberia, Francisco Javier Azpiroz Elduaien Mendialdeko bikario episkopala, Alfonso Garziandia Goñi eta Rafael Ayerra Palazon apaizak izan ziren elizkizunean, Azpiroz buru izan zuena. Ondoren auzatea eskaini zuen udalak. Hainbat izan ziren Sagaseta zoriondu eta harekin hizketatzeko aukera baliatu zutenak. 

Mezaren aurretik elizbarrutiko pastoraltza planaren aurkezpena egin zuen Izkok, Aralar-Larraungo artzipresteak. Pastoral Arretarako Unitateko hainbat komunitateetako ordezkariak izan ziren topaketan eta planak jasotzen dituen hamabi gai nagusiak zehatz-mehatz ezagutzeko aukera izan zuten.