Hainbat lan herria behar bezala uzteko

Guaixe 2018ko mai. 4a, 10:14

Urritzolako Kontzejuak aurtengo aurrekontuarekin eta udalaren eta Iturraskarri proiektuaren bidez egiten diren lanekin dituzten premiak beteko dituzte. Heldu den urtean foru administrazioaren diru-laguntza zertara bideratu zalantzan daude

Urritzolako Kontzejuak aurten 5.374 euroko aurrekontua izanen du. Haren % 21,39, 1.150 euro, argiteria publikoa ordaintzeko da. Haren mantentzerako beste 200 euro izanen dira. Kontzeju etxearen funtzioa ere egiten du elkarteak eta eraikina mantentzera 500 euro bideratu dituzte. Kopuru bera bideratu da hilerriko paretak txukuntzeko eta pintatzeko. Berdegunea mantentzeak 679 euro eskatzen ditu.  Ur kontsumoak 100 euroko diru saila du. Wifi zerbitzuak, aldiz, 60. Banku gastuak pagatzeko 115 euro dituzte, udal eta kontzejuen federaziorako 100, protokolozko bileretarako 50. Beste horren beste Nafarroako Ondarearen Defentsaren aldeko plataformarendako.

Festetako egitaraurako 1.100 euro bideratu dituzte. Haien asegurua 110 eurokoa da. Bestalde auzolanen ondorengo bazkarietarako 250 euro gorde dituzte. Auzolan gutxi egiten dituzte orain Urritzolan. Baina horien  aseguruagatik 100 euro ordaintzen dute. Lehen herritarrek egiten zituzten orain Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Iturraskarri programaren bidez egiten dira eta kontzejuak materiala besterik ez du pagatzen.

Udalari eskatutakoak
Kontzejuko arduradunek Arakilgo Udalari herrian lau lan egiteko eskatu diote. Alde batetik, kale-argiak berriro margotzea. Bestetik, elizaren ondoan dagoen frontisa txuriz margotzea. Elizaren inguruan dauden sasiak kentzea eta guztia txukun uztea da Urritzolako Kontzejuaren beste eskaera bat. Eta, azkenik, bide azpitik pasatzen diren euri  uren kanalizazio hodiak garbitzea. Bai gazteluko igoeran dagoena, bai txerrien abeltegiaren ondoan dagoena.

Bestetik, gobernuaren erabilera askeko funtseko 20.545 euro 2019an inbertitu beharko dituzte. Zalantza dute zein lanetara bideratu dirua. Bi dira aukerak: Etxarrenera doan bidea edo Izurdiagarako bideko bi  zubiak konpontzea.