"Ez ditut sanferminak musikarik gabe ulertzen"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko uzt. 5a, 10:48
Arkaitz Martinez saxofoi jole urritzolarra Altsasun.

Arkaitz Martinez urritzolarrak saxofoia jotzen du; eta, horri esker, sanferminak modu berezi batean disfrutatzen ditu: Zizur Nagusiko Galtzagorri txarangarekin aritzen da

Hamar urte darama Iruñeko kaleak girotzen.

1. Nola hasi zinen Galtzagorri txarangan jotzen?
Gizon bat herrira etorri zen eta saxofoia jotzen ikusi ninduen. Esan zidan ea nahi nien jotzen lagundu. Aspaldi izan zen. Duela hamar urte inguru elkar ezagutu genuela; esan zidatela. Normalean laguntza behar dutenean deitzen didate, eta sanferminak nahiko gogorrak izaten direnez, urtero joaten naiz.

2. Egunero aritzen zarete?
Ez goaz Iruñeko peñekin, Udalak kontratatzen gaitu. Txaranga honek sanferminetan hiru egunetan jotzen du. Txupinazoan beti Antoniutti parkean jotzen dugu; eta, gero, beste bi gau. Aurten aldatu da eta bi gau izan beharrean arratsalde bat eta gau bat izango dira. Gauean Alde Zaharrean ibiltzen gara. Egun bakoitzean ibilbide desberdina egiten dugu. Libre gara nahi dugun tokitik joateko, baina Alde Zaharretik atera gabe. Kaleak girotzen aritzen gara.

3. Zer desberdintasun dago peñek eramaten duten txarangekin?
Txarangaren aldetik ez dago desberdintasunik. Guretako desberdintasun bakarra da ez dela peñetan joatea bezain gogorra. Azkenean, peñetan egunero atera behar da, bai goizez, bai arratsaldez, eta, egunaren arabera, baita gauez ere. Udalak kontratatuta badakigu bakarrik hiru egun izango direla; hori bai, txupinazoaren egunean derrigorrezkoa da. Beste bi egunetan nahiko libre gara eguna aukeratzeko. Izan ere, larunbata tokatzen bada oso-oso gogorra da. Jende asko dago, eta jotzea oso zaila da. Horretarako erraztasun gehiago daukagu.

4. Beraz, sanferminetaz disfrutatzeko aukera ere baduzu.
Normalean txupinazoaren eguna, uztailaren 6a, aprobetxatzen dut. Niretako egun bereziena da jotzeko ere, beti jo izan dudalako, eta oso giro polita sortzen delako. Beste egunen batean joaten saiatzen naiz ere. Baina bi modutara disfrutatzen dut.

5. Hamar urte inguru daramazu sanferminetan jotzen. Anekdota asko izango dituzu.
Oso barregarriak izan ditugu. Duela sei urte inguru gurekin zetorren tipo bat. Hiru ordu inguru ibiltzen gara jotzen eta hiru orduak gurekin egon zen, gure atzetik denbora guztian, guretako edariak ateratzen eta dena egiten. Azkeneko momentuan, azken abestian, esan zigun: barkatuko didazue baina hau zuen erdian dantzatu nahi dut. Dantzatzen hasi, eta galtzontzilotan gelditu zen. Txarrak ere izan ditugu. Larunbat gau batean txarangako bi kideri lapurtzen saiatu ziren; poltsikotik kartera kentzen saiatu ziren. Zorionez, jende asko dago, eta dena ikusi zuten eta lapurreta gelditu zuten. Baina denetarik gertatzen da. Larunbatetan, jende gehien pilatzen den egunetan, gertatzen dira holakoak.


 Galtzagorri txaranga sanferminetan.

6. Jendea txarangarekin joatera animatzen da?
Bai. Behintzat tartetxo bat bai. Tabernak gertu badaude gurekin joaten dira. Taberna urrun gelditzen bada, jendea tabernan gelditzen da. Baina sanferminetan giro asko dago kalean, ez da bakarrik tabernetako giroa, eta horri esker, tartetxo bat bada ere, jendea gurekin egoten da.

7. Zein da sanferminetako errepertorioa?
Denetarik. Urtero abesti berriren bat ateratzen saiatzen gara. Azken urteetan Sarri sarri asko eskatzen digute. Beste batzuk, duela hiru urte inguru, jendeak eskatzen zizkigulako prestatzen genituen; La Bilirrubina eta holakoak. Baina denetarik jotzen dugu eta jo behar dugu: Iruñeko Peñak abestia jotzen dugu, jotak, valsak, mexikarrak... 6an, Antoniuttin, familia giroa dago eta errepertorio antzeko bat behar da. Baina gero Alde Zaharrean sartzen garenean musika mugituagoa jo behar dugu.

8. Baloratuak eta errespetatuak sentitzen zarete?
Bai. Normalean, Iruñeko jendeak errespetu handia dio txarangari. Pasatzen garenean edo musika entzuten dutenean azkar egiten dute pasilloa eta lekua. Noski, beste gauza batzuk gerta daitezke, normalean oso edanda dagoen jendeak egiten dituenak. Ez dute kontrolatzen. Nabaritzen da ez dutela kontzienteki egin, pasata daudelako egin dutela. Baina, bai, errespetu handia zaio txarangari Iruñean.

9. Jende asko bezala, eguraldiari begira egongo zarete.
Denetarik tokatu izan zaigu. Azkenekoetan bero handia egin du, eta gogorra egiten da. Behintzat Antoniuttin txupinazoari  itxoitea, ez dagoela ez itzalik ez ezer, jendez gainezka dagoela... Baina ur edo garagardo pixka batekin pasatzen da. Euriarekin okerragoa da. Instrumentu hauek bustitzea ez da batere ona. Saxofoiari txubaskero antzeko bat jarri behar zaio, baina atera gara urtero. Ez dut gogoan Iruñera iristea eta esatea ez garela aterako. Sanferminak sanferminak dira.

10. Zer dira zuretzat sanferminak?
Niretako egun bereziena 6a da. Nafarroako hiriburua da eta han jotzea, hainbeste jenderen aurrean, hemengoak eta kanpokoak. Presio pixka bat ere sentiarazten du. Ongi egin nahi dut ere. Baina beti gustura aritzen naiz. Txaranga herria eta jendea girotzeko dago, eta hori da niri gustatzen zaidana, musikaz aparte, ateratzea eta jendea animatzea. Ez ditut ulertzen sanferminak musikarik gabe. Azkenean ordu asko dira txaranga eta musika kalean entzuten direnak. Ez balitz egongo, ez litzateke sanferminik egongo.

11. Baina sanferminez haratago txarangak badauka bizitza.
Bai. Herri txikietan jotzen dugu ere. Azkenekoa, Urritzolako festetan izan zen aurreko asteburuan. Nabaskozera ere joaten dira. Irurtzungo inauterietan ere jo izan dugu, Zizurko festetan eta ondoko herrietan gehien bat. Ez da oso txaranga gaztea; jende helduagoak osatzen du, eta ez da beraien lana. Zaletasun bat denez eta nahi dutelako egiten dutenez, oso gogorrak ez diren emanaldiak eta guztiak gaudela aukeratzen dituzte. Guztiok disfrutatzeko. Gainera, Altsasuko Impresentables txarangan eta gero Sakaranga izan zen txarangan jo nuen. Baina ez daukat denbora askorik. Haize Berriak bandan jotzen dut ere, hasi zenetik. Eta txaranga honetan jotzen dut ematen didalako saxofoiaren eta festaren arteko xarma hori.

Erlazionatuak