Arakil eta Larraun ibaiek Urritzolan bat egiten dute. Ubeldeek gainezka egiten dutenean biek bat egin eta ibaien artean dagoen lur eremua urpean uzten dute. Uraren korrontearen ondorioz bi ubeldeen gaineko zubiak kalte handiak izaten dituzte, batez ere iparraldeko petrilean. Eta Urritzola Izurdiagarekin lotzen duen dermioko bidean zulo handiak sortarazten ditu urak. Belarra mozteko garaia iristean traktoreak behar bezala ibiltzeko zuloak estaltzen ibili behar izaten dute.
Horren guztiaren jakitun, Urritzolako Kontzejuak Arakil gaineko zubia konpondu berri du. Fermin Mariñelarena Iraizoz kontzeju-buruak azaldu digunez, zubiko petrila hautsia zegoen eta konpondu egin dute. Gainera, zubiko zorua indartzeko metalezko sarea eta porlana erabili dute. Eta Izurdiagarako bidea sendotzeko zubia pasa eta hurrengo 50 metroetan ere metalezko sarea eta porlana jarri dituzte. Aldi berean, Etxarrenera bidean, Aroizko errekatxoaren parean dagoen errebueltan, bidearen bi aldeetan bina bazter-babes jarri dituzte, metro eta erdiko altura du. “Goizetako izotz horiekin beti atera behar izaten dugu autoren bat ezpondatik”. Lan horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren Erabilera Askeko Funtsaren bidez jasotako 20.545 euroekin egin ditu kontzejuak.