Arraunketa

Ibai Gonzalezek “gogo handiekin” hasi ditu uretako entrenamenduak

Guaixe 2020ko eka. 12a, 09:45

Hiru hilabete luze lehorrean egon ondoren, astelehenean uretaratu ziren euskal traineruak. Orioko arraunlari Ibai Gonzalezek aipatu du entrenamendua “oso ongi” joan zela

Arraunlariendako egun ahaztezina izan zen astelehenekoa, martxoaren hasieratik euren traineruak uretaratu gabe egon eta gero, itsasoratu baitzituzten. Horrela, euskal arraunlariek uretan taldekako lehen entrenamenduak egin ahal izan zituzten egunotan. 

Ibai Gonzalez urritzolarra Orioko Arraunketa Elkarteko arraunlaria da. Taldekideak bezala, uretan entrenatzeko irrikitan zegoen, eta lehen entrenamenduak “oso ondo” joan direla aipatu du. “Tarte honetan etxean entrenatzen egon eta gero, uretan entrenatzeko gogo handiarekin geunden, eta oso ibili gara” adierazi du. Hiru hilabete luze hauetan lehorreko lana egin eta gero, astelehenekoa itsaso, olatu eta marearekin harremanetan jartzeko lehen eguna izan zen, eta gogotsu zeuden arraunlariak. “Gogotsu gaude, denbora askoan egon gara une hau iristeko zain” aipatu zuen Orioko gizonezkoen taldeko patroi Gorka Aranberrik. Iritzi berberekoa zen Orioko entrenatzaile Jon Salsamendi. “Egun handia da gaurkoa” zioen. 

Arraunlarien lehendabiziko lana trainerura egokitzea izango da, eta sentsazioak berreskuratzea. “Traineruko entrenamenduak oso zehatzak dira, eta berriro mugimendu zehatz horietara egokitzeko denbora behar dugu” gaineratu du Ibai Gonzalezek. Uztailean hasiko da traineruen aurtengo denboraldia, eta tarte honetan ahalik eta hobekien entrenatu nahi dute arraunlariek, eurek eta zaleek udan arraunarekin goza dezaten.