Atzo, igandea, jokatutako Kontxako Banderako bigarren jardunaldia ikusgarria izan zen, beste behin. Emakumezkoetan Donostiako Arraun Lagunak taldeak eta Oriok lehia bizia izan zuten eta, azkenean Arraun Lagunak gailendu zitzaien mirotzei, aipatu klubak historian lehen aldiz Kontxako Bandera lortuaz. Sailkapen orokorrean, lau segundo pasako aldea atera zion Arraun Lagunak taldeak Oriori.
Eta gizonezkoetan ere azken unera arte iraun zuen emozioak, Hondarribiaren eta Santurtziren arteko lehia oso estua izan baitzen. Azken metrotan, eta sorpresa emanez, Santurtziko Sotera gailendu zitzaion Hondarribiko Ama Guadalupekoari eta behar zuen aldea atera zion Kontxako Bandera Bizkaira eramateko. Bi jardunaldiak batuta, sailkapen nagusian 48 segundo atera zizkion Santurtzik Hondarribiari. Ibai Gonzalez urritzoldarra Orioko San Nikolas traineruko arraunlarietako bat izan zen, baina Oriok ez zuen lehen jardunaldian bezalako estropada ona egin eta, azkenean, sailkapen orokorrean bosgarren sailkatu dira mirotzak, 23 segundora.