Hurrengo inbertsiorako dirua biltzen

Guaixe 2022ko api. 18a, 08:49
Abenduaren 10eko uholdeak kontzejuaren partzelan kaletak eragin zituen. URRITZOLAKO KONTZEJUA

Inbertsiorik ez du aurreikusi aurtengo Urritzolako Kontzejuak. Hainbat urtez dirua bildu eta gero inbertsioa egiten du. Larraun gaineko zubiak konponketa premia handia du. Kontzejuak handik gertu duen partzela abenduko uholdearekin oso kaltetuta gelditu zen.

Urritzolako Kontzejuaren aurtengo aurrekontuan 10.281,7 euroko sarrerak eta 2.236,04 euroko gastuak aurreikusi dira. Fermin Mariñelarena Iraizoz kontzeju buruak azaldu duenez, “gure gastu handiena argiteria publikoaren faktura da”. Horren barruan daude ere elkartea eta kontzeju etxearen argindar gastuak. Sarrerak bi jatorri dituzte. Alde batetik, Arakilgo Udalak eta Nafarroako Gobernuak ematen dizkieten dirulaguntzak. Horien bidez aurten 6.172,32 euro aurreikusi dira. Eta, bestetik, 3.590 euro ondare aprobetxamenduen bidez iritsiko direnak. 

Mariñelarenak azaldu duenez, “guk normalean gastuak baino sarrera handiagoak ditugu. Gainera, pandemiagatik festarik ez antolatzean gehiago aurreztu dugu. Beti diruzaintzako gerakina dugu eta hamar bat urtez dirua biltzen egon ondoren, nahikoa diru dugunean inbertsioak egiten ditugu”. Gaur egun 5.000 bat euro izanen dituztela azaldu du kontzeju buruak. Bestetik, Arakilgo Udalak urtero kontratatzen dituen langileek hainbat lan egiten dituzte herrian, esaterako: landare hesia moztu, farolak konpondu, elkartea margotu edo hilerria garbitu. “Horregatik auzolan gutxi deitzen ditugu, aska garbitzeko-edo”.

 

Zubiak 
Arakil ibairen gaineko zubia konpondu ondoren, Izurdiagara daraman bideko Larraun ibai gaineko zubia oso hondatuta dago eta konponketa premia du. Kontzejuak lan horiei ekiteko nahikoa dirurik ez du eta Mariñelarenak aurreratu duenez, Arakilgo Udalarekin hitz egiteko asmoa dute, dirulaguntza eskaeretan-eta laguntza eskatzeko. 

Urritzolara daraman NA-7010 errepidearen hasieran, Errotzen, Arakil ibai gaineko zubi bat dago. Hiru metro zabal ditu. Eta estua denez, autobusak, traktore handiak, kamioiak eta beste ezin dira pasa. “Trafiko guztia dermioko bidetik pasa behar du halakoetan eta hondatu egiten da”. Azaldu duenez, herrian bi etxe egiteko proiektua bideratzen ari dira udaletxean. “Eraikuntzako kamioi guztiak dermiotik etorri beharko dute”. 

Konponbidea badute urritzolarrek: egungo zubiaren paraleloan berri bat egin eta hegoaldeko petrila botatzea proposatu dute, “Egillorren egin duten bezala. Udalak Vianako Printzea erakundeari iritzia eskatu behar zion, baina ez dakit erantzun ote dieten”, azaldu du Mariñelarenak. 

Larrea
Izurdiagarako bidean, bi ubeldeen artean 22.500 metro karratu inguruko partzela du Urritzolako Kontzejuak. Joan den urtean han artoa erein zuten eta uzta jaso ondoren belarra erein zuten. Baina abenduaren 10eko uholde handiak ereindako lur pila eraman zuen eta korrontea handia zegoen tokian harria agerian utzi zituen. “Partzela hori sekula ez da hautsi nahi izan, ez zen belarrik ereiten. Abendukoa zorte txarra izan da. Ikusi beharko da etorkizunean artoa erein eta haren ibintzeak uzten diren, erein gabe”.  

Festak 
Garagartzaro akaberan ospatzen dituzte urritzolarrek. Herritarren artean oraindik ez dute hitz egin festen inguruan. Guztiei egoki heldu zaien eguna aukeratzen dute ospakizunerako. Beraz, jendeak dituen bestelako loturek festa ospatzen utziko dieten ikusteko dago. Mariñelarenak esan duenez, bestela, Santa Luzia egunaren inguruan kultur bidaia egin izan dute herritarrek. Bestalde, Urritzolan etxe bat saldu denez, biztanle gehiago izanen dira. Gainera, herrian bigarren landa etxea aurki zabalduko da.