Urritzolako elkartean batzarra zuten igandean. Bilera hasi aurretik, elkartea epeltzeko, han elkartu ziren bi herritarrak sua piztu zuten eta kontu kontari gelditu ziren. Hizketan ari zirela konturatu ziren tximinia ondoko egurrak su hartu zutela. Suhiltzailea deitu zituzten, baina bitartean, teilatura igo, teila batzuk kendu eta mauka batekin ura bota zuten sua itzaltzeko. Lan hori Cordovillako parkeko suhiltzaileek errematatu zuten.
Kontzejuko presidente Fermin Mariñelarena Iraizozek azaldu duenez, “eskerrak han hitz egiten gelditu ginela, beste batzuetan sua piztu eta joan egiten gara. Egia ere bada hura baino su handiagoak piztu izan ditugula eta egun osoa egon dela piztuta. Igandean, antza, su hartzeko baldintza guztiak zeuden”. Mariñelarenak azaldu duenez, “tximiniak tutu herdoilgaitza zuen, baina ez zen bi kapetakoa. Kedarra pilatu eta su hartu zuen”. Jakinarazi duenez, kisusgilea dagoeneko konponketa lanak egiten ari da.