Elkartea, eliza eta apaiz etxea kenduta, Urritzolak gaur egun 14 eraikin ditu, baina beste bi etxebizitza familiabakar izanen ditu. Eta hirugarrena eraikitzeko aukera izanen da. Izan ere, Arakilgo hirigintza arauen aldaketa egituratzaile bat behin betiko onartu du Nafarroako Gobernuak. Ondorioz, lurzoru urbanizaezina zena urbanizagarri bihurtu da eta, Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, bertan hiru etxebizitza eraikitzen hasiko dira aurten. Hirigintza araudiaren aldaketa horren sustatzailea Urritzolarekin familia lotura duen boskote bat da, herriarekin lotura handitu nahi duena. Urritzolan etxeak eraikitzeko lurrik ez zegoelako eman dute pausoa, eta haiendako izanen dira eraikiko diren hiru etxebizitzak. Etxebizitzak sustatzaileen lurretan eraikiko dira.
Bi etxeetara joateko kale berri bat eginen da, elizarako bidean ezkerretara. Kale horrek Zubitxoko bidearekin bat eginen du, eta, beraz, oinezko eta ibilgailuek San Pedro kalean gaur egun dagoen etxadiari buelta emateko aukera izanen dute. Eraikin berriak elizarako bidea baino lauzpabost metro beheragoko altueran eraikiko dira.
Datuak
Hirigintza jarduerak guztira 3.835,21 metro karratu hartuko ditu. Haietatik 700,65 m2 elizarako bidean dauden etxeen atzean berdegunea egiteko izanen dira. Horrek urbanizazio berria eta egungo herriaren arteko integrazioan lagunduko du. Berdegunea 605,74 m2-ko azalera izanen duen kaleak hartuko du. Beraz, erabilera publikorako 1.306,39 m2 emanen dira. Gainontzeko 2.528,83 m2-ak etxebizitza erabilera pribaturako izanen dira. Haren barruan etxebizitzarako gehienez 900 m2 eraiki ahalko dira; betiere, beheko solairua, lehen solairua eta teilatupea izan beharko dituzte. Kale berrirako sarreran ibilgailuak aparkatzeko hiru plaza izanen dira.
Sustatzaileek aurreikusi dute urbanizazio lanek 90.900 euroko aurrekontua izanen dutela, haiek bere gain hartuko dute. Bestalde, hirigintza aprobetxamenduengatik sustatzaileek udalari lurren %10 eman beharko liokete, baina Urritzolan hornidura berririk behar ez denez, udalak lurrak beharrean 16.000 euro inguru jasoko ditu.