Bi zubirekin bueltaka

Guaixe 2023ko api. 3a, 08:41
Hondatuta eta konponketa premia duen zubia. ARTXIBOA

Izurdiagarako bidean dagoen Larraun gaineko zubia egoera kaxkarrean dago eta konpondu beharra dago. Erroztik Urritzolarako errepideko Arakil gaineko zubia bikoiztea eskatzen du kontzejuak.

Urritzolatik Izurdiagara joateko bidean bi ibai pasa behar dira: Arakil eta Larraun. Aurrenekoaren gaineko zubia konpondu zuen Urritzolako Kontzejuak. Atzena, falta da. Lanek aurrekontu handiegia dute halako kontzeju txikiarendako. Baina urritzolarrek zoria aldeko dute, izan ere, Sakana puntatik puntara zeharkatuko duen bizikleta ibilbidea bide horretatik pasako da eta, ondorioz, proiektu horren barruan zubian konponketa batzuk eginen dituztela jakinarazi du Oihana Olaberria Jaka Arakilgo alkateak. “Segurtasunagatik konponketa horiek beharrezkoak dira. Gutxieneko batzuk konpondu behar dira. Guztia bada, hobe, jakina”, gaineratu du. “Ez dakit zorua bakarrik konponduko duten, edo petrilak eta gainontzeko guztia. Bestela, falta dena guk konponduko genuke”, ziurtatu du Urritzolako Kontzejuko buru Fermin Mariñelarena Iraizozek. Bidean egiten diren lanen arabera, kontzejuak Nafarroako Gobernuaren erabilera askeko 2.221,49 euroak zubira edo beste behar batzuetara bideratuko lituzke. Alkateak proiektuaren egileekin harremanetan jartzeko proposatu die. 

Buruhaustea sortzen dien beste zubi bat Errotzen dagoen Arakil gainekoa da. Urritzolara daraman NA-7010 errepideko zubi horrek hiru metroko zabalera besterik ez du. Eta estua denez, autobusak, traktore handiak, kamioiak eta beste ezin dira pasa. “Trafiko guztiak dermioko bidetik pasa behar du halakoetan, eta bidea hondatu egiten da”. Gogorarazi du kale bat egin eta bi etxe eraikitzen hasiko direla aurten eta “eraikuntzako kamioi guztiak dermiotik etorri beharko dute”. Errozko zubiari zabalera handiagoa, parean beste bat egitea eskatu du kontzejuak, “Egillorren egin duten bezala”. Olaberriak azaldu duenez, “Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea erakundeak esan digu dirurik ez dagoela”.