Catalanek festetako egitaraua egiten du, herritar guztien argazkiekin eta collage teknika erabiliz. Baita gehiago ere.
1. Merezi duen herri batek festak izan behar ditu?
Bai, sikiera egun bat.
2. Zer da festak lanean haste hori?
Larunbateko egun handiaren aurretik lan asko egin behar da. Prestatu behar da taberna, haur eta gazteendako jolasak, karpa jarri behar da... Udalak eszenatokia, mahaiak eta aulkiak uzten dizkigu. Lanak despedituta, guztiok elkarrekin umore onean afaltzen dugu. Poteren bat edo beste ere hartzen dugu.
3. Berez, noiz hasten zarete festen prestaketan?
Aurrerapen gutxirekin: aste bat. Antolatzen duguna errepikatu egiten da, eta gehiagorako tarterik ez dugu, eguna bete-betea dago. Zorionez, herrian musikari asko daude.
4. Zeinek antolatzen ditu festak?
Lehen herriko herritarrak beraiek arduratzen ziren. Eta ondoren etorri garenak batu egin gara. Nik Urritzolan 25 urte daramatzat. Aurten herrira bizitzera etorri den jende berria ere parte hartzen ari da festen antolaketan. Beraz, askoz ere laguntza handiagoa dugu. Festak prestatzeko eta aurreko urtekoa ahal bada hobetzeko bilerak egiten ditugu. Guztion artean egiten dugu, ezer ez ahazteko. Egun bakarra da eta herrian ez dago zerbitzu bat bera ere. Horregatik, dena eskura izan behar dugu, gero batera edo bestera erostera joan behar ez izateko. Ni herrian bizi naizenetik festak ez dira asko aldatu.
5. Zein da zure egitekoa antolakuntzan?
Besteen moduan, elkarlanean aritzen naiz. Denon artean antolatzen dugu guztia. Bakoitzak arduraren bat hartzen du: edaria, haragia... denon artean.
6. Beti egun bakarreko festak izan dira?
Bai, egun bakarra. Orain data finkoa jarri dugu, zeren lehen aldatzen ibiltzen ginen jendearen oporren arabera. Horregatik erabaki genuen garagartzaroko azken asteburuan ospatuko genituela festak. Hala jendeak badaki noiz diren festak. Egitaraua bete-betea dago. Jarduera baten ondoren, bestea dator.
7. Jendea etortzeko prest dago?
Bai, bai. Batez ere lagunak eta senideak etortzen dira. Etxekoen festa dela esan daiteke. Hamasei biztanleko herri batendako 95 elkartzea herri bazkarian, edo joan zen urtean 120, arrakasta da. Eskerrak duela urte batzuk karpa handi bat erosi genuela. Han denak lasai asko sartzen gara. Karpa plazan jartzen dugu, luzetara, iturriaren ondoan. Han jarduera guztiak egiten ditugu. Beharbada gauean herrietatik etorritako galdutakoren bat agertzen da.
8. Zer moduzko festak dira Urritzolakoak?
Oso onak. Aspertzeko betarik ez dugu. Gaitariak 11:00etan hasten direnetik, otamena prestatu beharra dago. Ondoren, herri jolasak eta Galtzagorri Txaranga izaten dira. Etxajua eta herri bazkaria. Arratsaldean mahai jokoen txapelketak, haur jolasak, kontzertuak, ogitarteko afaria, bingoa, zezensuzkoa, su artifizialak eta disko musika izaten dira.
9. Eguna luze edo motz egiten da?
Ni batzuetan bukatzeko desiotan egoten naiz, behingoz guztiaz pixka bat ahazteko. Baina, tira, gustura egonez gero berehala pasatzen da.
10. Eta igandean?
Bakarrik urritzolarrendako den herri bazkaria egiten dugu. Guk prestatutako paella jana izaten da. Eta bazkaldu ondoren, 17:00ak aldera, karpa biltzen hasten gara, heldu den urtera arte.
11. Urtean festa egun bakarrarekin nahikoa da?
Garilan arpa ikasteko gazteendako bost eguneko udako ikastaroa egin zen herrian, eta bukatzeko kontzertua eman zuten elizan. Bete egin zen. Santa Luzian, abenduaren 13aren inguruan, beti jardueraren bat egin izan dugu. Oker ez banago, Lekunberrin bazkaldu genuen herriko nahi izan genuen guztiok joan zen urtean. Edo Gaztelu mendia igo eta jaitsi ondoren elkartean bazkaldu. Albaolara ere joan ginen urte batean, eta gero inguru hartan bazkaldu genuen. Badaude jarduerak.