Urritzolan udako egun berezi bat bihurtu da arpa kontzertua. Alicia Griffiths Turrillas Urritzolan bizi den arpa joleak antolatutako sei eguneko ikastaroaren ondorengo emanaldia izan zen uztailaren 26an, eta zortzi arpa ikaslek, bi arpa irakaslek eta txirula eta biolin joleek parte hartu zuten. Sorpresak izan ziren ere, arparekin musika klasikoa ezin ezik, dantzarako aukera ematen dutela erakutsi baitzuten.
"Festibala, kanpalekua, ikastaroa... Formatuak ez du inporta; arpak daude"
"Festibala, kanpalekua, ikastaroa... Formatuak ez du inporta; arpak daude". Griffithsek duela hiru urte martxan jarri zuen ekimena da Arpa Estival Urritzola. Zortzi ikasle Urritzolan izan ziren ikastaroa ematen, eta amaitzeko kontzertua eman zuten herriko elizan. Duela bi urte hasitakoa jarraitu zuen, nahiz eta aurreko urtean ezin izan zuten egin eta Itxasperrin arpa kontzertu bat eman zuten. Gasteizko hiru arpa jole, Iruñeko bat, Salamankako bi, Kataluniako bat eta Kantabriako bat etorri ziren Urritzolara, eta adinak ere anitzak ziren: zortzi eta bederatzi urteko haurretik 60 urte bitarteko emakume batera batu ziren. "Kantabriako emakume bat da, modu amateurrean ikasi zuen bideoak ikusten, eta klase presentzial batean egoteko gogoa zuen, eta animatu zen. Aurreko urtean sareetan ikusi omen zuen, eta aurreko urtean egin ez zenez, aurten lehenengo zegoen izena emateko".
Griffithsekin batera beste arpa irakasle bat zegoen, Oihane, eta bi lagun batu ziren ikastarora: txirula irakaslea eta ikaslea, eta biolin jolea bat. "Horrela sortu zen. Irekia da. Datorren urterako instrumenturen bat jotzen duten anai-arrebak gonbidatzea pentsatu genuen". Arpa joleak esan duenez, ez da kanpaleku bat ez delako aisialdian oinarritzen, "hau arpa jotzera etortzen da". Oso espezifikoa. Gutxieneko maila bat eskatzen dute, "ez da maila jakin bat izan behar; besterik gabe, zerbait jakitea".
Urritzolako Iturrikoa landa etxean egin zuten egonaldia, uztailaren 22tik 27ra. Goizak bakarkako arpa klaseak egiten zituzten, eta arratsaldean taldekakoak izaten ziren. Arparekin hasi aurretik, 08:00etan, yoga egiten zuten, Griffiths yoga maistra delako ere; lasai gosaldu ondoren, klaseekin hasten ziren. "45 minutu inguru egoten ginen bakoitzarekin; denak bi irakasleetatik pasa ziren, eta besteek ere klaseak entzuteko aukera zuten". Bazkaldu ondoren denbora libre pixka bat zuten, eta taldekako ekimenekin hasten ziren. Alexander teknika egin zuten ere, korpolaritatea kontrolatzeko teknika bat da. "Gorputzarekin kontziente egoteko teknika bat, musikariendako oso gomendagarria".

Dani Velasco biolin jolearekin dantza eta talde dinamikak egiten zituzten ere. "Valkfok egiten du, dantza neotradizionala lantzen du, Europan oso ospetsua bihurtu da; lehenengo egunean bertan dantzan jarri gintuen". Denak elkarrekin jotzen ikasten zuten orduan: "Pieza errazak aukeratu genituen, baita inprobisatzen ikasi ere". Astea "oso intentsua" izan zen: "Hain intentsua izan zen kontzertuaren kartelak herrietatik jarri behar nituela, eta ez nuen denborarik izan". "Zorionez" mezuak elkartrukatu ziren eta Arakil Kulturak ere haren berri eman zuen.
Sorpresak
Egun handia larunbatean izan zen, uztailaren 26an. Apaizari baimena eskatu ondoren, Urritzolako elizaren aldarea arpa kontzertuaren eszenatokia bihurtu zen. "Hasieran kontzertu oso tradizionala zen; ikasle bakoitza ateratzen zen eta bere pieza jotzen zuen, oso klasikoa, eta pixkanaka gehitzen joaten ginen, denak elkarrekin jotzen bukatu genuen arte". Txirula eta biolina ere zeuden, tarteka, eta sorpresaz Sagarra jo abestia jo zuten, kanonean. "Guk ezagutzen dugu, baina kanpokoek ez. Publikoa ere gehitu zen". Kontzertuaren amaiera izan behar zuen, baina behin abestia amaituta ikasleek soka dantza eginez elizatik dantzan hasi ziren, eta publikoa harekin joateko gonbita luzatu zitzaien. "Oihane eta biok jotzen gelditu ginen eta ikasleak ateratzen joan ziren, publikoarekin. Ezusteko bat izan zen, oso parte hartzailea eta pozgarria".
"Musikaren alde hori asko gustatzen zait; musikak guztiona behar du izan"
"Musikaren alde hori asko gustatzen zait; musikak guztiona behar du izan. Ez bakarrik jotzen duenarendako. Ez bakarrik kontserbatorioko urte asko egin dituenarendako". Urritzolarrendako udako data bat bezala gelditu da arpa kontzertua. Eliza bete zen; "senideen artean, nahiz eta ikastaroa igandean bukatu aurretik kontzertua ikustera etorri zirela, herriko jendea eta inguruko jendea... Koroan jendea zegoen, eskaileretan, zutik...".
Ostiralean eliza bilatuz jendea agertu zela ere kontatu du Griffithsek; musikaren aspektu sozial hori "asko betetzen" du. Kontzertuaren ondoren auzatea eman zuen, "aurreko urtean Urritzolako festetatik geratu zenarekin egin genuen, baina aurten ni arduratu nintzen", eta herritarrak edozer gauzarekin laguntzeko prest agertu zirela esan du: "Beti laguntzeko prest daude. Oso polita da horrelako kontzertu bat eman eta ez bukatzea han dena. Hori ere sorpresa zen". Eliza txikia gelditzen dela eta, datorren urterako beste toki bat bilatu beharko dute.
Arpa
Urriaren erdira arte Madrilera joan-etorrian izanen da Griffiths bertan Madrilgo Orkestrarekin jotzen ari delako bi zarzueletan, "lehenengoa garaikidea eta bestea klasikoa". Airez aldatzeko, jende berria ezagutzeko eta gauza desberdinak egiteko "ongi" dagoela esan du. Bestetik, Artikako musika eskolan arpa irakasle egonen da ikasturte honetan, baita klase partikularrak emanen ditu ere.
Arpa joleak hamar urte baino gehiago daramatza instrumentua sustatzeko ekimenak egiten, "musika eskoletan ez delako ezagutzen eta ez bazara kontserbatoriora joaten, ez dago ikasteko aukerarik". Kontserbatorioan ere ez dago zerotik hasteko aukera. "Orduan, musika eskolaz musika eskola joan naiz ateak deitzen, zerotik hasi ahal izateko". Instrumentuaren irudi "elitista eta harrapaezinarekin" amaitu nahi du Griffithsek, eta horretarako dibulgazio eta sustapen lana egiten du: "Ezezaguna da; gauza asko egin daitezke berarekin".