Urritzolako Kontzejuak herri larreen aprobetxamendua emateko enkantea deitu zuen otsailean. Eskaintzari aurkeztu ez zenez, atzera ere, aprobetxamendu hori emateko deialdia egin du. Eskaintzak Arakilgo udaletxean aurkeztu beharko dira. Horretarako epea martxoaren 19an despedituko da. Urritzolako kontzejuak aprobetxamendu horrengatik gutxienez 4.000 euro urteko eskatzen ditu. Aurreko deialdiarekin alderatuta, jarri beharreko bermea 1.600 eurotik 1.280ra jaitsi du kontzejuak.
Kontzejuak aprobetxamendua zortzi urterako eman nahi du. Enkante horretatik kanpo gelditu dira Morollu eta Paxapaixketa parajeko larreak, Urritzolako dermioaren iparraldean daudenak. Aprobetxamendua ematerakoan herri larreen egoeraren berri ematen duen argazki erreportajea eginen da, aprobetxamenduaren akaberan egoera berean edo hobean bueltatu dadin.
Herri lur horien zatirik handiena hariztiek eta zuhaitzek osatzen dute, Europar Nekazaritza Bateratuko 20,1 hektarea dagozkio. Urritzolako herri larreen kudeaketa ordenantzak jasotzen duenez, maiatza eta lastaila bitartean 30-35 behi azienda buru egon daitezke maiatzetik lastailera, eta 10 zaldi azienda buru lastailetik otsailera. Martxoa eta apirilean herri lurrei atsedena eman beharko litzaioke. Txerri aziendarako 13 hektarea lirateke.