Galtzagorri txarangak, atzera ere, Urritzolako festei soinu banda jarri die

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 30a

Galtzagorri txaranga. Patxi txanoarekin eta ttattar gorriarekin erdialdean. UTZITAKOA

Taldekideen artean Patxi Catalan Egillor urritzolarra dago.

Herriak dituen hogeita bat bizilagunetako batek garabia du eta hark festetarako edertu du Urritzola: kalean banderatxoak jarri dituzte, argiak eta pankarta. Izan ere, festak dituzte Urritzolan larunbatean. Eguerdian piztu zuten ospakizunei hasiera eman zien etxajua. Eta istant horren ondoren jotzen hasi zen Galtzagorri txaranga. Auzatea girotzeaz arduratu ziren musikariak. Ehun bat pertsona elkartu zituen herri bazkariaren bazkalondoan musikariek beraien tresnak hartu eta urritzolarrek kanta edo dantza egiteko moduko doinuak jo zituzten. "Etxean jokatzen dute" Galtzagorri txarangakoek, azken hogeita pasa urteetan Urritzolan jotzen aritu baitira. Gainera, Patxi Catalan Egillor kidea urritzolarra da. "Urritzolarrak dantzariak dira, eta pieza batzuk kantatzera animatzen dira", azaldu Catalan. 

Egun 76 urte dituen Catalan txarangako sortzaileetako bat da. Duela 40 urte lagun kuadrilla batek txaranga sortzea erabaki zuten. Ez zekien musika jotzen, "baina emanaren emanaz, instrumentua jotzen ikasi nuen". Geroz, musikari autodidakta da urritzolarra. Catalanek bonbardinoa jotzen du gaur egun, baina hasi, tronboia jotzen hasi zen. Gerora bonbardinoa eta helikoia jo izan ditu. Txarangaren izena euskal mitologiako liburu batetik atera zuten: galtzagorri. Izena gustatu, eta gaur arte. 

Txarangaz
Catalanek azaldu duenez, "gaur egun 15-17 musikarik osatzen dugu txaranga. Kide beteranoak sei edo zazpi gara, jotzen jarraitzeko animoa dugu". Txarangako gainerako kideak aldatzen joan dira. Urritzolarrak nabarmendu duenez, "gaur egungo txarangara etortzen direnak musika ikasitakoak dira, musikari onak dira". 

Txarangak galtzak bete lan ibiltzen dira udan. "Lehen asko jotzen genuen, orain poliki-poliki ibiltzen gara, martxa jaitsi dugu. Baina txaranga eskaera handia dago. Askotan deitzen digute". Baina hutsik egiten ez duten hitzordu finkoak dituzte: Iruñea, Nabaskoze, Ukar, Zizur Nagusia edo Urritzolako festak. "Sanferminetan oso ongi pasatzen dugu", azaldu du Catalanek. 

Jai egun horietarako prest egoteko Zizur Nagusiko lokal batean entseatzen dute Galtzagorri txarangakoek urteko astearte eta ostegunetan. "Jendeak denetarik duen errepertorioa eskatzen du: kalejirak, mexikarrak edo talde berrien piezak, esaterako: Zetak edo Extremoduro. Horregatik errepertorio oso zabala dugu". Horregatik errepertorioa berritzen aritzen dira. 

Bonbardino joleak azaldu duenez, "festetan jendea gurekin kalejiran ibiltzen da. Eta nonbaiten gelditzen garenean jendea jota, porrusalda, mexikarrak edo bestelakoak dantzatzera animatzen dira".