Ziordiko liburutegiaren erabilera, gora

Guaixe 2008ko ots. 21a, 00:00
Zerbitzu anitzZiordiko liburutegia 1967. urtean zabaldu zen. Egun 15.858 liburuko fondoa dauka. Ondoko zerbitzuak eskaintzen dira: argibideak eta kontsulta (liburutegiko material guztia zuzenean kontsulta daiteke, eta liburutegiko arduradunak laguntza guztia ematen du); liburutegiko fondoen mailegutza (zerbitzu horretarako bazkidea izan behar zara, inskripzio txartel bat beteaz); CD-ROMak erabili (erabiltzaileak CD-ROM euskarrian dagoen informazio eta joko asko kontsulta ditzakete); internet zerbitzua doan (aurretik txanda eskatu behar da, eta libre egonez gero, momentuan erabili); bi ordenagailu erabiltzeko aukera (erabiltzaileek eskanerra eta kolorezko inprimagailua duten bi ordenagailu erabil ditzakete, eta gero dokumentuak inprimatu); fotokopiagailua erabil daiteke; bideoteka, fonoteka eta DVDko txokoan dauden bideo, CD eta DVDak erabil daitezke; eta udan liburutegi zerbitzua igerilekuetara zabaltzen da, Liburutegia Igerilekuan kanpainarekin. Horrela, igerilekuan bertan egin daiteke liburuen mailegutza eta beste hamaika kontu. Horretaz gain, Ziordiko liburutegiak antzerkiari, ipuinei eta beste ekitaldiei egiten die tartea. 2007an bost ekitaldi antolatu zituzten, guztiek ere parte hartze ederrarekin. Toni La Sal taldeak Birusak erasoan antzerkia eta giñol emanaldia eskaini zuen; Gus Marionetas taldeak Liburuzaina estu eta larri marioneta ikuskizuna ekarri zuen Ziordira; Maite Franco ipuin kontalariak Halabazango ipuinak kontatu zituen; Mio Cid filmina eta kontakizunaz gozatzeko aukera izan zen; eta Gabonetan Olentzero marrazki lehiaketa antolatu zuten. Liburuak irakurri, interneta eta ordenagailuak erabili...Liburutegiaren erabilera gora doala adierazi digu Ziordiko liburuzainak. 2006an 2.589 liburu eraman ziren mailegutzan, eta iaz, 2.654. Beraz, %2,5 egin du gora mailegutza zerbitzuak. "Urtetik urtera liburutegira jende gehiago gerturatzen da. Orain dela gutxira arte jendea liburuak hartzera edo ikastera etortzen zen, baina gaur egun liburutegiko zerbitzuak erabat aldatu dira, batez ere teknologia berriak direla medio. Ondorioz, internetera, pelikulak hartzera edo musika entzutera jende asko etortzen da" azaltzen du Amaia Iparragirre liburuzainak. Bestalde, etorkinen etorrera ere nabarmendu dela gaineratu du liburuzainak, liburutegiko erabiltzaileak ugarituz.  Ziordia bezalako herri txikietan liburutegiak herritarren bilgune izaten dira. Horrela, badakigu iaz haurrendako propio txoko bat atondu zela eta bere erabilera oso arrakastatsua izan dela. Aparteko balorazioa egin behar zaio igerilekuetan irakurketa bulkatzeko asmoz jaio zen Liburutegia igerilekuan kanpainari. Duela makina bat urte hasi zen ekimena, eta udan barna igerilekuetako txoko batean liburuak eta beste egoten dira eskuragai. Nahiz eta iazko udan eguraldi txarra egin, zerbitzuaren balorazio oso ona egin du liburuzainak.