Iurgi Floresek bihar debutatuko du Olaztin

Guaixe 2008ko maiatzaren 8a

Oskar Lasa (Aspe), Aitor Zubieta (Aspe), Alberto Ongay (Aspe), Ismael Chafee (Asegarce), Jorge Nagore (Frontis), Jon Gorriti (Frontis)... eta orain Iurgi Flores (Egur Sport). Guztira Sakanan 7 pilotari profesional izango ditugu larunbatetik aurrera. Izan ere Ziordiko 21 urteko pilotari gazteak Egur Sport enpresarekin debutatuko baitu larunbatean Olaztin antolatu den pilota jaialdian. Orain arte Egur Sport enpresa herri kirol txapelketak eta jaialdiak antolatzen aritzen zen bereziki. Enpresak goi mailako aizkora eta harrijasotze txapelketak antolatzen ditu, orain jokoan dagoen Urrezko Aizkolariak txapelketa, kasu. Baina Gasteizen egoitza duen enpresa hau pilota munduan murgildu da, pilota jaialdi eta txapelketak antolatzeko asmoz. Hain zuzen ere bertan debutatuko du Iurgi Flores ziordiarrak. Olaztiko jaialdiaJaialdia maiatzaren 10ean izanen da, larunbatean, 19:00etan, Olaztin. Hasierarako "open" izeneko partida antolatu du Egur Sportek, hau da, pilotari profesionalak pilotari gazteekin batera ariko dira lehian. Horrela, Iñaki Agirre atzelari profesionalak bikotea osatuko du Iriarte aurrelari gaztetxoarekin batera, Joseba Saez aurrelari profesionalaren eta Velasco atzelari gaztetxoaren kontra egiteko. Bigarren partidan eginen du debuta ziordiarrak. Flores aurreko koadroetan ariko da lanean, atzean Gabarri II.aren laguntza duela, Arbizuren eta Jaioren aurka. Lau pilotariak elkarrekin jokatzen ariko diren lehendabiziko aldia da honakoa, eta, beraz, ez dago pronostiko zehatzik ematerik. Nolanahi ere, guztiak dena ematera aterako dira, Flores bereziki. Iurgi Flores: "Pilotan gozatzea eta gustura ibiltzea espero dut"Iurgi Flores afizionatu mailan lehiatu da orain arte, lehenik Altsasuko Pilotajauku taldean eta ondoren Olaztiko Sutegin. Berarekin egon gara Egur Sportekin debutatzeko bezperetan. Nola sortu da Egur Sport enpresarekin aritzeko aukera?Aurreko udan enpresa horrek prestatutako partida batean jokatu nuen. Duela gutxi hots egin zidaten, esateko pilota enpresa bat sortu nahi zutela eta ea eurekin jokatzea interesatzen zitzaidan. Jende gaztea kontratatu nahi zutela esan zidaten. Baietz erantzun nuen nik. Egia esan, deia ez nuen espero. Ibilbide berri honetan zein da zure asmoa?Besterik gabe pilotarekin gozatzea eta gustura ibiltzea, disfrutatzea. Zenbat denborarako kontratua sinatuko duzu?Oraindik ez dut kontratua sinatu, eta ez dakit zenbaterako sinatuko dudan. Gainontzeko pilota enpresek egiten duten moduan, Egur Sport enpresako pilotariek zeuen artean jokatuko duzue, ezta?Bai, enpresako pilotarien arteko pilota partidetan lehiatuko nahiz. Aspe eta Asegarce bezalako enpresetan aritzea oso konplikatua al da? Gustatuko litzaizuke bertan aritzea?Oso zaila da bertan aritzea eta gustatu? Beno... Heltzen bada helduko da. Gustura ariko naiz Egur Sporten. Aurrelaria zara. Zeintzuk dira zure arma nagusiak?Pilotari bizia naiz, nerbioa dut. Sakeak egiterakoan ongi ibiltzen naiz. Eskuei dagokienez, hobe aritzen naiz eskuinarekin. Debuta Olaztin eginen duzu. Zer iruditzen zaizu Egur Sportek antolatu duen jaialdia?Polita. Lehian hasteko gogoa daukat, profesionaletan aritzea nola den ikusteko. Debutaren bezperetan, urduri?Zehozer bai, baina besterik gabe. Gabarri II.arekin osatuko duzu bikotea, Arbizu eta Jaioren kontra egiteko. Nola planteatuko duzu partida?Arbizurekin entrenatzen ibilia izan naiz, baina Gabarri II.a eta Jaio ez nituen ezagutzen duela gutxira arte. Nolanahi ere, laurak elkarrekin jokatuko dugun lehen aldia izango da, eta, beraz, bakoitza bere jokoa egiten saiatuko da, bikotearekin ahal den hobekien komunikatuz. Nola planteatuko dudan partida? Jokatzen hasi eta orduan ikusi beharko dut nondik jo. Zein da zure pilotari faboritoena?Juan Martinez de Irujo. Uste dut berak irabaziko duela aurtengo Manomanista. Familia, lagunak... kontentu daude? Zer diote?Denak pozik daude, asko animatzen naute. Larunbatean frontoira etorriko dira. Pilotatik bizitzea gustatuko litzaizuke?Bai, baina oso konplikatua da. IURGI FLORESHerria: ZiordiaAdina: 21 urtePisua: 76 kgAltuera:1,80Postua: AurrelariaIkasketak eta lana: Lanbide Heziketarako Goi Zikloko ikasketak egin ahal izateko ikasketak egiten ari da, eta Araiako Nestlén lan egiten du.