Dinesconek ateak itxiko ditu

Guaixe 2008ko aza. 20a, 00:00
Prefabricados Dinesconek urte bukaerarekin Ziordiko lantegia itxi eta produkzioa Barasoaingora eramanen du. Hala jakinarazi dio gaurkoan zuzendaritzak enpresa batzordeari (ELA 4, 2 CCOO, 2 UGT eta LAB 1). Langileen ordezkariek azaldu digutenez zuzendaritzak enpresako 98 langileendako (produkzioa eta bulegoak batuta) eskaintza  egin du: 45i Barasoaingo lantegira lekualdatzeko proposamena eginen die, enplegu-erregulazio dosierraren bidez 25 langile kaleratu nahi ditu  eta aldizkako 10 langile finkoei ez die kontratua berrituko (gutxi gorabeherako kopuruak). Enpresa batzordeko ordezkariek azaldu digutenez, hilabeteko epea izanen dute aldeek bilerak eta kontsultak egiteko. Zuzendaritzaren eta langileen ordezkaritzaren arteko lehen hartu-emana astearterako jarri dute. MaiatzaPrefabricados Dinesconek etxe eta industria eraikuntzarako hormigoizko material aurrefabrikatuak ekoizten ditu. Enpresak Orba ibarreko  Barasoainen egin ditu inbertsioak, kokapen hura bere jardunerako "egokiagoa" delakoan. Hala zabaldu zen maiatzean, zuzendaritzak jakinarazi zienean langileei Ziordiko lantegia itxi eta produkzioa lekualdatzeko asmoa zuela. Hainbat bilera izan zituzten aldeek maiatzean eta hilaren akaberan zuzendaritzak "oraingoz" ez ixtea erabaki zuen.