Gazteluan jarritako plaka batek Burundako foruak oroitaraziko ditu

Guaixe 2008ko aza. 18a, 00:00
Ibai ondoan dagoen gazteluan, atearen eskuin aldean, jarri dute plaka. Burundak foruak jaso zituela zortzi mende pasa direla oroitaraziko dio aurrerantzean hura irakurtzen duen edonori. Plaka larunbat arratsaldean mustu zuten. Udalak herriko 10 eta 18 urte bitarteko gazteen artean zozketa egin zuen eta plaka agerian jartzeko ohorea Irati Flores Mendiari tokatu zitzaion. 13 urteko nesakiarekin batera berrogeita hamar bat pertsona izan ziren ekitaldian. Plakan zera irakur liteke: Ziordiko herriak omenaldia egiten die harresi hauen atzetik Burundako foruak babestu zituztenei. Ondoren bildutako guztiendako auzatea izan zen. Antso VII.ak, azkarrak, 1.208an Burundari foruak eman zizkiola gogorarazteko antolatu den zikloaz aparte, herrian ekitaldiren bat egitea egoki jo zuen udalak. Plaka agertzea gazte baten esku uztea honela azaldu zuen Fernando Fuste zinegotziak: "herriaren etorkizuna eta jarraipena dira". EkitaldiaLarunbat arratsaldeko ekitaldian Fernandok adierazi zuenez, "gure historiak eta kulturak herriko sentsibilitateen lotura izan behar du, tirabirak sortu gabe". Gazteei zuzenduta zinegotziak adierazi zuen: "gazteak uzten dizuegunaren oinordeko zarete eta egiteko dagoena opatu eta hasteko arduradunak". Udalak Ziordiko gazteak gonbidatu eta animatu zituen "gure kultura eta historia berreskuratzea ekarriko duen edozein ekimenetan kolaboratzera", udalak halako ekimenak lagunduko zituela gehitu zuen. Bide batez, ekitaldira bildu ziren guztiei eskerrak eman zizkien. Burundako foruaren VIII. mendeurrena gogorarazteko zikloaren barruan, azaroaren 11n Iñaki Sagredok Burundako gazteluei buruzko hitzaldia eskaini zuen. Ikusle ugari izan zuen hitzaldiak eta iritzi trukaketa izan zen. Fernandok azaldu digunez, Ziordian zegoen Aiuka despopulatuan gaztelua zegoen. Hura non dagoen ez dakite, baina Iñaki Sagredoren hitzaldia entzun ondoren, gazteluak nola egiten zituzten eta abar, hipotesi gisa hartu dute gaztelua eta despopulatua egun gaztelua dagoen tokiaren inguruan egon zitezkeela. BisitaErrege nafarrak aurretik Laguardia herriari emandako foru berak eman zizkion Burundari. Hori dela eta, Ziordiko Udalak Arabako herriko alkate Maria Jesus Amelibia Argote larunbateko ekitaldira gonbidatu zuen. Hark ezin izan zuen etorri, baina Burundak hilaren akaberan eginen duen ekitaldian presente egonen da.