Aurrerabide gutxi Dinesconen itxiera prozesuko bilkuran

Guaixe 2008ko aza. 26a, 00:00
Prefabricados Dinesconek Ziordiko lantegia itxiko duela iragarri zuenetik asteartean bildu ziren aurreneko aldiz zuzendaritza eta langileen ordezkariak (ELA 4, 2 CCOO, 2 UGT eta LAB 1). Jakina denez, enpresako zuzendaritzak Ziordiko produkzioa Barasoaingo lantegira eramatea eta Burundako lantegia ixtea erabaki du. Langileen ordezkariek jakitera eman digutenez, enpresaren eskaintza legeak aurreikusitakoari lotuta doa. Kanporatutakoen kasuan, enpresan lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko soldata eskaintza. Horretaz gain, Orba ibarreko lantegira joanen diren langileei garraioa jarri eta bazkaria ematea proposatu du enpresak. Langileen ordezkariek nabarmendu dutenez "bileran behin eta berriro errepikatu ziguten 25 langile finko eta aldizkako 10 kanporatuko dituztela". Ziordiko lantegian 98 langile daude gaur egun. Aldeen arteko bilkura horretan "aurrerabide gutxi" izan zirela aitortu digute enpresa batzordetik. Hurrengo hitzordua astelehenean izanen dute. Ordurako langileen ordezkariek haien eskaera zerrenda prest izanen dute.