Udalak herriko kableak lurperatu nahi ditu

Guaixe 2009ko urtarrilaren 14a

Ziordiko Udalak herriko etxeetako fatxadetan dauden eta etxe batetik bestera doazen kableak lurpean sartu nahi ditu. Argindar, argiteria publiko eta telefono kableak dira Ziordiko Udalak lurpean sartu nahi dituenak. Zerbitzu horien guztiak lurperatzeko Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsak Ziordirako gehienez ere bideratuko dituen 58.229 euroak erabili nahi lituzke udalak. Diru horrekin lanak ahal den neurrian egin nahi lituzke. Gas zerbitzua ere lurpetik joanen da. Lan horiek guztiak egiteko zorua jasoko da. Ziordiko Udalaren asmoa da Nafarroako Gobernuaren tokiko azpiegiturak garatzeko lau urteko planera herriko zorua konponketa egiteko diru laguntza eskaera aurkeztea. Bestalde, udaletik jakitera eman digute jubilatuen taberna emateko deialdia hutsik gelditu dela. Udala hura zabaltzeko aukerak aztertzen ari da gaur egun.