Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Estatu osoko Osasunako zaleekin futbol taldea osatu dute eta Zaleen Espainiako Futbol 7 Txapelketan ariko dira asteburuanIncondicionales.com web guneak futboleko 7 txapelketa berezia antolatu du, lehenengoz, asteburu honetarako: Zaleen Espainiako Futboleko 7 Txapelketa. Lehen mailan aritu diren 20 taldeen zaleekin taldeak osatu dituzte eta zaleen arteko txapelketa hartuko du Madrilgo San Sebastian de los Reyesek larunbatean eta igandean. Txapelketa berezi honetan bi ziordiar ariko dira, biak gorritxo amorratuak: Jose Ramon Ramirez eta Mikel Barandalla. "Txapelketaren berri Osasunako www.somosrojillos.com foroan izan genuen, eta Mikelek eta nik izena eman genuen" dio Jose Ramon Ramirezek. Antolakuntzak zaleen futbol taldeak osatzeko probak egin zituen eta bi ziordiarrek proba hori gainditu zuten, Osasuna jarraitzeaz gain futbolean aritu izan direlako. Haiekin batera ondokoek osatzen dute Osasunako zaleen taldea: A Coruñako Charly Carralek, Madrilgo Tomas Calvok, Murtziako Juan Jose Manzanerak, Madrilgo Fernando Tolek, Atarrabiako Ioseba Makusok, Lizarrako Sorayak, Murtziako Franciscok, Jaengo Fernando Leyvak, Bartzelonako Xabier Grasek eta Iruñeko Montxok. Guztiak gorritxo sutsuak dira eta Zaleen Espainiako Futbol 7 Txapelketan ahalik eta lan onena egitea dute helburu. Txapelketan lau taldez osatutako bost multzo daude. Osasunako zaleen multzoan, Atletico Madrilgo zaleak, Racingekoak eta Sportingekoak daude. Ostiralean denak denen kontra ariko dira eta multzo bakoitzeko lehenek eta bigarren postuan geratu diren hiru talde onenek egingo dute aurrera. Gainontzeko taldeek beste kanporaketa batzuk izanen dituzte jokoan. Final handia igandean jokatuko da. Jose Ramon eta Mikel txapelketa hasteko gogotsu daude, irrikan. Ea zer moduz doakien.