Udalak aurtengorako 590.000 euroko aurrekontua onartu du

Guaixe 2010eko maiatzaren 4a

Ziordiko Udalak onartutako aurrekontuan nabarmentzeko inbertsioen artean dago basorako bidea konpontzea. Aurretik ere zati batzuk porlanez eginak badaude, aurten Ziordiko udalak lantegitik auntzetxera bitarteko tartea konpondu nahi du. Lan hori eta Artxolako komunala sasiz garbitzera 62.000 euro bideratuko ditu udalak. Horretarako Nafarroako Gobernuaren laguntza izanen du. Iturri bereko laguntzaren zain dago dermioko bide bat konpondu ahal izateko. Laguntzarik ez bada, ez du lan hori eginen. Bestalde, etxeen artean dauden kableak lurpean sartzeko kanalizazioak egitera 30.000 euro bideratu ditu udalak. Horrekin batera, Madrilgo funtsetik jasotako 47.000 eurorekin plazako zorua konponduko da. Beste akordioakZiordiko udalbatzak begi onez ikusi zuen Nafarroako ipar mendebaldeko jubilatu elkarteek egindako eskaera: herrialdeko osasun eskualde bakoitzean geriatriako sendagile espezialista bat egotea, hain zuzen. Sakanako Mankomunitateko estatutuen aldaketarekin ere bat egin zuen. Azkenik, Ziordiko Udalak bere egin zuen Cederna-Garalurrek aurkeztutako idatzia eta Sakanako Garapen Agentzia Zerbitzuan sartzea erabaki zuen.