Olazti-Ziordia zerbitzu errepideko lanak atzeratuta

Guaixe 2011ko martxoaren 11

Olatzagutiko eta Ziordiko Udalen  aspaldiko aldarrikapena da bi herriak batuko dituen zerbitzu errepide bat egitea. A-1 errepidea autobia bihurtu zenetik gutxienez. Ibaiaren iparraldean dagoen bidea bihurtuko  litzateke zerbitzu bide. Nafarroako Gobernuak lan hori 2012an eginen zuela aurreratu zien udal arduradunei. Baina berriki lanak 2014ra atzeratuko dituztela jakinarazi die. Ziordiko alkate Jesus Arrese Galbetek esan digunez, "gobernuaren lehentasuna da hasita dauden lanak despeditzea". Antza, krisiak foru administrazioaren poltsari ere eragin diolako atzeratu dira lanak.  Aurrekontua Ziordiko Udalak aurten 427.800 euroko aurrekontua izanen du. Alkateak azaldu digunez, aurrekontuak prestatzerakoan jarraitu duten filosofia aurreztea eta gastua doitzea izan da. "Dinescon joan zen eta harrobiaren jarduna oso txikia da. Beraz, udalaren diru-sarrerak asko jaitsi dira". Hala, diru-laguntza izan dezaketen basolanak edo bide konponketak eginen lituzke aurten soilik udalak. Alkateak esan digunez, herriko zorua berritzeko lanak despeditzear daude. Lan horiek ordaintzeko 140.000 euro inguruko mailegua eskatu du udalak eta hori ordaintzeko aurreztu beharko du.