Kolpeen ondoren salaketak

Guaixe 2011ko ekainaren 28a

Euren arteko liskarra eta gero, NaBaiko alkateak, Bilduko zerrenda-buruak eta herritar batek jasotako kolpeengatik salaketak jarri dituzteBilduk alkatearen dimisioa eskatzeko ez-ohiko udalbatza eskatu du. Alkateak inplikatuei eta ziordiarrei barkamen publikoa eskatu dieSan Juan bezperako ospakizuna ederki joan zen. Udalak herritarrei afari-merendua zerbitzatu zien eta gero zazpi hautetsiak elkarrekin afaldu zuten. Guztia goizaldeko hirurak aldera okertu zen. Ordura arte giro ederrean egondako Jesus Maria Arrese Galbete alkatea (NaBai) eta Teodoro Percaz Mendia (Bilduko zerrenda-burua) tabernatik atera eta hizketan hasi ziren, baina salatu diren kolpeekin bukatu zen gaua. Bi hautetsiez gain, Joxean Garciak aurkeztu du salaketa eta lesio partea Foruzaingoan. Bilduren bertsioaTeodoro Percaz Mendiak dioenez, alkateak esan zion haiek beti hauteskundeak irabaziko dituztela. Mojen bozengatik zela erantzun zuen berak. Bilduko kideak dioenez, "normal ari ginen hitz egiten, errespetua faltatu zidanean". Berak esan digunez, Arresek birritan esan zuen Percaztarrak herriko txuloenak direla. "Eserita nengoen. Zutitu eta alde egiteko asmoa nuen. Baina paparretik heldu eta masailean jo zidan". Lurrera erortzerakoan ipurdia eta burua kolpatu zituela esan digu Percazek. Bildu Ziordiak jakinarazi duenez, "gertatzen ari zena ikustera hurbildu zirenak ere alkatearen erasoa jasan behar izan zuten". Percazek une hartan masail-hezurra hautsia zuela uste izan zuen eta konmozionatuta zegoela dio. "Arrese jo zuten ez nuen ikusi. Ni eta Garcia mehatxatzen entzun nuen". Percazek dioenez, alkatea oso erasokor zegoen. Berak esandakoak baieztatuko dituen lekukoa duela gaineratu du. Percazek ubeldura handia du gerrialdean, hortza hautsita eta masail-hezurrean oinazeak ditu eta ahoa ezin zabaldu dago. Joxean Garciak, berriz, aurpegian ubeldura du eta behatz batean kolpe handia du. Bajan dago.Bildu Ziordiko kideen ustez, "herriaren alde denen artean lana egin behar dugu. Baina Arrese bezalako pertsonekin ezinezkoa da". Bildu Ziordiak dioenez, "hautetsi batek ezin du inor eraso, are gutxiago alkatea bada". Gertakariak alkateak herria gobernatzeko gaitasunik ez duela agerian utzi dute Bilduren iritziz. Horregatik, udalak astelehenean urgentziazko bilkura egitea eskatu du. Bilduk batzar horretan gertaerak salatzea eta alkatearen dimisioa eskatuko ditu. Alkatearen bertsioaArresek azaldu duenez, Percazekin eztabaida beroa izan zuen. Alkatearen arabera, Percazek behin baino gehiagotan errepikatu zuen: "ez dagokizun postuan zaude; alkatetzan zaude moja puta horiek jarri zaituztelako. Herritik denak bota behar dira". Alkateak dioenez, Bilduko zerrenda-buruak probokazio eta deskalifikazioekin jarraitu zuen. Berotu eta dena borroka batean bukatu zuela dio Arresek, eta lehen kolpea berak eman zuela aitortu du. Alkateak dioenez, alde egiten ari zenean Joxean Garcia tartean sartu zen, harekin eztabaidarik izan ez bazuen ere. Borrokan gero jende gehiago sartu zen. Alkateak dioenez, lurrean bukatu zuen eta hainbatek kolpatu zuten. Arresek gertakariak hartu zuen itxurarekin eta elkar joka hastearekin "oso damututa" dagoela adierazi du. Azaldu duenez, ostiral goizean bertan, 8:30ean, Percaz deitu zuen eta barkamena  eskatzeko, "baina ez zuen onartu". Ziordiko alkateak dio urteetan probokazio eta presio asko jasan dituela. "Gertatutakoa ez dute justifikatzen, baina hor daude". Ziordiko NaBaik bere zerrenda-buru eta alkatea babestu du. Horrekin batera, eskatu du jazotakoa "gertaera penagarri baina isolatu gisa hartzeko. Ez luke udalaren kudeaketa politikoan ondoriorik izan beharko. Han garrantzi handiagoko gaiak tratatu behar dira".