Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dagoeneko indarrean da Ziordiko hirigintza plan berria, 1998tik indarrean zegoena ordezkatu duena. Epifanio Agirre Imaz (NaBai) zinegotziak esan digunez, bi ideiari erantzuna eman nahian ondu du udalak hirigintza plan. Bata, ziordiar gazteei herrian bizi ahal izateko aukera ematea, eta horretarako lur zorua aurreikustea. Hirigintza plana ontzerakoan udaleko kideek buruan izan zuten beste ideia da; jendeak herrian bertan lan egiteko aukera izatea. Horretarako, industrialdea. Aurreko planean aurreikusitako tamaina bera duela azaldu digu Agirrek, "autobiaren hegoaldean, mojen eraikin paretik hasi eta Aralur enpresa arteko eremua hartuko luke". 78.439 m2 izanen ditu. EtxebizitzakOnartutako hirigintza planaren arabera, etorkizunean herria ipar-ekialderantz eta mendebalderantz haziko litzateke. Lehen kasuan, Errekalde kalean egin ziren babestutako etxeen segidan eraikiko lirateke etxebizitzak. Kale berriak zabaltzea aurreikusi dute, Teileria kalearekin komunikatuko dutenak. Ziordian etxeak eraikitzeko aurreikusten den bigarren gunea Santa Luzia da. Han ere kale berriak zabalduko lirateke, Santa Luzia kalearekin bat eginen luketena. Trafikoa bideratzeko borobil bat eginen litzateke igerilekuen ondoan. Hain zuzen ere, igerilekuetatik mendebaldera udalaren kirol azpiegitura berri guztiak sartuko lirateke. Udalak konpentsazio sistema aurreikusi du etxebizitzak egiteko (Zenbait kasutan konpensazio edo borondatezko lurzatiketa aurreikusi da). Hala eskuratuko lituzkeen lur sailak kirol gune hori egiteko bideratuko lirateke. Basora daraman Dona Maria kalearen muturrean ere etxe gutxi batzuk eraikitzeko aukera aurreikusi da. Ziordiko hirigintza plan berria bere osotasunean gauzatuko balitz 120 etxebizitza jasoko lirateke. Haietatik 22 (13 etxebizitza familiabakar, 2 bikoitz eta 6 kolektibo) egun indarrean dagoen planak hartzen duen eremuan eginen lirateke eta, gainontzeko 98ak, sektore berrietan (58 etxebizitza bikoitz, 24 etxe familiabakar isolatu eta 16 kolektibo). Berdeguneak Igerileku parean, kalearen beste aldean, gune handi bat aurreikusi da. Bi zabalgunetan ere berdeguneak leudeke. Ibai ertz guztia ere berdegunea izanen da, uholde arriskuak ez duelako ezer egiteko aukera ematen. Dauden baratzak ere mantendu egiten dira hirigintza planean.