Ziordiko parrokiako koroak eman zien hasiera festei

Guaixe 2011ko irailaren 9a

Ziordia festetan murgildu zen atzo eguerdiko 12:00etan. Maria Angeles Martinez Otxoak eman zien hasiera festei, suziriarekin. 88 urterekin, Ziordiko parrokiko koruko beteranoena da. "89 urte betetzear da, baina sasoi eta indar handiarekin jarraitzen du, eta ez du behin ere huts egiten" zioten taldekideek. Ziordiko Udalak parrokiako koroak herriko ospakizunetan egiten duen debaldeko lana eskertu nahi izan du. Horregatik haien esku utzi du festei hasiera eman dien suziria. Etxajuaren ondoren, koruak emanaldia eskaini zuen, Olaztiko parrokiako koroa eta garai bateko Los Fronterizos taldeko gitarrak lagun zituztela. Ondotik, Sakanako trikitilariek hartu zuten txanda. Trikitilarien doinuen ondoren, zaindariaren omenezko meza etorri zen.Aurrekontu arazoak zirela eta udalak lau egunera moztu ditu 2011ko festak. Gazteek eta herritar talde batek, ordea, ohiko bost jai egunak nahi zituen. Hortaz, asteazkenera aurreratu zuten txupinazoa. Egitarauaz arduratu den Errekartean elkarteak hamaika jarduera antolatu ditu astebururako: "batez ere, haurrendako jolasak, musika eta herri kirolak eta txirrindularitza ditugu" jakinarazi ziguten. Domekan despedituko dituzte festak.