Nabarralde saria Benito Lertxundirendako

Guaixe 2011ko abenduaren 2a

Nafarroako eta Euskal Herriko nortasunaren defentsan eta sustapenean egindako lana aitortzeko sortu ziren Nabarralde sariak. Aurten omendua Benito Lertxundi abeslaria izanen da. Ziordiko udaletxean bihar eginen den ekitaldian garagarzaroan Noaingo Martxan eskuz esku pasa zen makila, "gizarte honen elkarlanaren sinbolo dena", jasoko du oriotarrak. Nabarraldek Ziordia aukeratu du ekitaldirako 1.512 urtean Gaztelako tropak Nafarroa inbaditzeko Burundako herritik sartu zirelako. Nabarraldek Lertxundiri saria ematerakoan baloratu du "euskal kantu berriaren eta kulturaren bultzatzaileetako bat izan da bere hastapenetatik. 47 urtetako ibilbide musikal oparoan Nafarroarekiko lotura estua adierazi digu bere kantetan. Pirinioen bi aldeetako euskaldunak elkartu ditu bere musikarekin". Herri kantak berreskuratu dituela ere nabarmendu du elkarteak. Oriotarraren aurretik Jean Luis Davant euskaltzain zuberotarrak eta Ikastolaren proiektuak jaso dute saria.Bestalde, biharko ekitaldian Nabarraldek 2012an beteko den Nafarroaren konkistaren urteurrenaren harira idatzitako adierazpena irakurriko da.