Axioren aldeko elkartasun jaialdi erraldoia Ziordian

Guaixe 2012ko ekainaren 8a

Axioren lagunak taldeak hainbat ekimen eta ekitaldi antolatu ditu Jose Ignazio Flores "Axio"-ren alde dirua ateratzeko. Ofizioz harakina da Axio, eta mila perrexiletako saltsa: aizkolaria eta Sakanako aizkora eskolako irakaslea, herri kirolen bulkatzailea, bazkari herrikoietan, festetan eta behar denean laguntzaile trebea... behar den guztietan laguntzeko prest egoten da Ziordian bizi den arbizuarra.Dituen osasun arazoei aurre egiteko tratamendu bereziak jasotzen ari da, eta orain berari laguntzeko garaia dela erabaki zuten bere lagunek. Horretarako Axioren lagunak taldea sortu eta hainbat ekimen burutu dituzte. Azkena, eta potoloa, bihar Ziordian antolatu duten elkartasun jaialdia izanen da, "Ematen duenak jaso behar duelako..." lelopean. Puntu-puntuan hasiko diraEguraldi ona iragarri dutenez, jaialdia Ziordiko txipudian eginen da. Jaibus zerbitzua izanen da bertara joan eta ondoren etxera bueltatzeko. Festa girotzeko 16:30ean mural margoketa bat eginen da herrian eta batukada egonen da. 17:30ean hasiko dira txipudian antolatutako kontzertuak. Sakanako taldeak eta sakandarrez osatutako kanpoko taldeak ariko dira eskenatoki gainean, puntako kartela osatuz. Antolakuntzatik puntual gerturatzeko deia egin dute, ekitaldia puntualtasunez hasiko delako. Sarrera 12 eurotan erosi ahal izango da aurretik, eta 15 eurotan Ziordian egunean bertan.  Axioren aldeko elkartasun jaialdia (Garagarrilak 9, larunbata, Ziordian)16:30ean Mural margoketa eta batukada.17:30ean Vendetta, Gatillazo, Kaleginez, Stupenda Jones, Disturbio, Kaotiko eta Hesian taldeen kontzertuak eta Laket taldearekin erromeria txipudian.