Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean, 19:00etan, Fernando Fustek hitzaldia emanen du Ziordiko auzoan. Ondoren, bi astez, Gaztela eta Nafarroaren arteko mugarriei buruzko erakusketa ikusgai izanen daGaztelak Nafarroako erresumaren mendebaldea bere egin zuen 1200 urtean. Harrez gero Sakanaren zati handi bat bi erreinuren muga bihurtu zen. Gaizkileen muga deituko zitzaion, garai batean egin ziren gaiztakerien seinale. Baina mugek lurraldearen administrazio banaketaz gain, natura baliabideen aprobetxamendua zeinek non egin zezakeen ere zehazten zuen. Abeltzaintza ekonomiaren oinarri zen garai batean bereziki garrantzitsua zen, baita eraikuntzarako edo etxea berotzeko lehengaia lortzeko ere. Horregatik, bere biziko garrantzia izan dute eta dute mugarriek. Horren jakitun, Fernando Fuste ikerlari ziordiarrak bere herriko mugak aztertu ditu, jakitun Ziordia ez dela edozein herri, Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugan zegoen eta. Nafarroako Artxibo Nagusian, Aguraingo, Araiako eta Ziordiko artxiboetan arakatzen egon da. Jasotako informazioa herriko dermioan barna egindako bisitekin alderatu du. Eta ikerketa lan horren guztiaren fruituak azalduko ditu bihar. OharraFustek muga bizi baten kronologia erakutsiko du erakusketan eta horren azalpenak emanen ditu hitzaldian. Azken mendeetan Nafarroak hainbat lur galdu dituela ikusteko modua da. Prozesu gehienetan horrela gertatu baita. Hori dela eta, oharra ere egin digu Fustek: "herriko toponimia zaindu egin behar da" etorkizunean bestela beste lur zati bat galtzeko arriskuaz gaztigatu nahi du horrela. Berak ere dokumentazioan oinarrituta kokatu ditu zenbait. Erakusketan, bestalde, hainbat mugarriren argazkiak, Google Earth tresnarekin egindako 10 mapa eta 2 mapa zaharren erreprodukzioak ikusteko aukera izanen da. Horrekin batera, hainbat agiri. Historia1401 Segurak Hernan Perez de Aiala korregidoreari Altzania, Komuntxiki, Ubarrundia eta beste mendi batzuk erosi zizkion urrezko 500 florin eta 2 zapi piezaren truke. Ondoren Araba, Gipuzkoa eta Burundaren arteko liskarrak hasi ziren. 1430 Arabako eta Gipuzkoako partzoneroek hainbat mugarri jarri zituzten. Komuntxikiko mendia Gipuzkoarrendako izan ziren eta Ubarrundaikoa arabarrendako. Bien arteko bakea lortu zuten horrela, baina Burundarekin ezadostasunek segituko zuten. 1489ko martxoan Gaztela eta Nafarroako erreinuek mugara ordezkariak bidali zituzten eta muga mugarritzea agindu zuten. 1498-99 Mugen kontuengatik berriro ere ika-mikak izan ziren. Erregeek, atzera ere, ordezkariak bidali zituzten eta mugarriak aurretik zeuden tokian jartzeko agindu zuten. Aldeek eskriturarik aurkezten ez bazuten ez zen testigantzarik onartzen. 1500eko irailaren 16an Ordezkari berriek muga berraztertu zuten eta Esnateko dermiotik 5 zati egiteko agindu zuten. Haietatik 3,5 Gaztelarendako izan ziren eta 1,5 Nafarroarendako. 1516 Hainbat liskar sorrarazi zuten mendi zati batzuk "berezitzat" jo zituzten epaileek. Araba, Segura eta Burundako biztanleek haien aprobetxamendua zutela aitortu eta mendia erditik eta erdiz banatu zuten. Hala ere, egun argitan bateko eta besteko azienda bestearen eremuan sartzeko aukera ematen du. Erreinuen arteko muga mugarritu zuten. 1659 Burundako herrien mugak zehaztu ziren, 1841eko banaketaren ondoren egungo udal eremuak direnak. Olatzagutia eta Ziordia artean, muga dela eta, auziak izan ziren. Nafarroako Kontseiluaren 1735eko epai bat betez, 1761ean Itur bedeinkatutik Berrueta artean mugarriak jarri zituzten, mugarri bana errekaren alde banatan. Baina bina mugarri jarri behar zirenez harginari harriak bukatu zitzaizkion eta tokian zeuden harriekin jarraitu zuten mugarritzen. 1745 Mugarritze berria. Burundak Altzanian lurra galduko zuen.1796 Agustin de Alzolak egindako berraztertze berria. Muga berriro mugituko da. 1799 Arabarrek Gaztelako erregeari eskatu zioten Nafarroako errege ordeari agintzeko mugak zehazteko norbait izenda zezala. Izendapena egin zen, baina hark bi aldeetako ordezkari banaren artean konpontzeko proposatzen zuen. Ez zen konponbiderik izan eta bikoteari 3. bat gehituko zitzaion: Valladolideko Martin de Villalaz. 1806 Arabarrek azken horri ustez 1489ko mugarriak liratekeen bi harri erakutsi zizkioten. Beraz, 1745eko mugatzea baliogabetu eta muga berria ezarri zuen, Nafarroak lurra galduz. 1807 Mugarritze berria egin zen, baina agindutako angelua ez zen mantendu, ez zen Arabarantz jo eta lur galtze berria izan zen Nafarroarendako.