Parlamentuan Aralurrez galdezka

Guaixe 2012ko abe. 27a, 18:08
Geroa Baiko Manu Aierdi parlamentarioak Javier Esparza kontseilariari zuzendutako galdera aurkeztu du. Aralur enpresaren jarduera eteteko departamentuak zein neurri hartu dituen jakin nahi du Aierdik. Izan ere, Ziordiko Udalak eskatua baitio aldi baterako lantegiaren jarduna etetea, Gipuzkoatik ekarritako bio-hondakinen kudeaketa egokirako baldintzak betetzen ez diren bitartean. Aierdik jakinarazi duenez, azaroaren 12an departamentuak Ziordiko Udalari aitortu zion "enpresaren funtzionamenduak isuriei dagokienean ez ditu bere jarduera baimenaren funtzionamendu baldintzetako batzuk betetzen. Gainera, pabiloi berria zabaltzeko baimenik ez du. Departamentuak Ziordiko Udalari jakinarazi zion hilabeteko epea zuela zigor bideari ekiteko, bestela departamentuak eginen zuela. Bitartean, Iruñeko Administrazioarekiko 2. auzi auzitegiaren epaia iritsi da, enpresari ukatutako lizentzia egoki ukatu zela adieraziz. Horren berri hilaren 4an eman zion Ziordiko Udalak kontseilariari, eta hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu zion.