Aulki bat kalera ateratzeko

Guaixe 2013ko uztailaren 25a

Gorputza ahultzen dion gaixotasuna aurrera doa eta Jose Ignazio Flores Axio-k aulki elektrikoa behar du. Neorologoak agindu zion eta Nafarroako Gobernuan eskatu zuten. Gobernuak eskaera onartu zuen, baina ilbeltzetik aulkia itxoiten ari dira. "Gauza geldituta dago", dio Begoña Mendiak Floresen emazteak. Nafarroan ortopedia jakin batek ematen ditu aulkiak eta Gobernuaren eta ortopediaren arteko kontzertu ekonomikoa amaitu zen. "Kontzertua ez dagoela eginda esaten digute, eta bi edo hiru edo sei hilabete itxoin beharko dugula".Zenbait erkidegotan Gobernuak diru-laguntzak ematen ditu eta gero erabiltzaileak nahi duen dendan erosi dezake baina Nafarroan ez, Mendiak azaldu duenez. "Nafarroako Gobernuak aulkia eman behar digu, gurea da, baina kontzertua ez dagoenez eginda eta Gobernua une honetan dagoen moduan ikusita, ez digute ematen". Dagokien aulkia jaso nahi du Floresek.Autonomia gehiago"Ez digute kasurik egiten". Flores itxaropena galtzen ari da. Parlamentura joatea ere pentsatu du. "Dirurik ez dute, behintzat gauza hauetan gastatzeko", gaineratu du Mendiak. Zenbait aulki banatu dituzte, baina ez dira Floresek behar duena. "Bost edo sei aulki eman omen dituzte, baina normalak dira. Guk berezia behar dugu eta agindurik ez dutela esaten digute".  Aulki elektrikoak autonomia gehiago emango dio Floresi; kalera ateratzeko eta bizitza ahalik eta normalena eramateko aukera. "Orain dugun aulkian laster nekatzen da eta behar duenarekin denbora gehiago egon gaitezke kalean. Aizkora erakustaldietara joatea, gustatzen baitzaio, edo Altsasura joatea. Geratzen zaion eragingarri bakarra da", dio Mendiak. Agiriak mugitu eta "gauzak bizkortu" zezaketela gaineratu du. "Bihotza izango balute baina zenbakiak gara gu", nabarmendu du Floresek. Jose Ignazio Flores "Axio"ren gaixotasunak gorputzeko giharrak ahuldu dizkio. Baita organoak ere. "Dagoeneko ezin naiz asko mugitu". Jendeak ematen dion indarra eta Axioren Lagunak lortutakoa eskertzen dute.