Martina, Nafarroako film labur onena

Guaixe 2013ko urriaren 24a

XIV. Iruñeko Zinema Jaialdiak ostiral gauean banatu zituen bere sariak eta haietako bat Urko Mauduitendako izan zen, Martina lanagatik. Alternatif sailean estatuko film laburrak aurkeztu ziren eta haien artean lau egile nafarren lanak zeuden. Epaimahaiak zuzendari irurtzundarraren lana saritu zuen, "animazioaren bitarte haur ipuinetara hurbiltzeagatik eta narrazioari originaltasuna eta freskotasuna emateagatik". Mauduitek "oso pozik" jaso zuen saria. "Garrantzitsua da. Titulua bera ezaguna egiteaz aparte, film laburra gehiago ikustea ekarri du". Martina eta bere lagun ilargiaren istorioa gehien bat gaztelaniaz ari dira proiektatzen eta irurtzundarrak aurreratu duenez, eguberrien aurretik Iruñean euskaraz ikusteko aukera izanen da. Sakanan ere ematea nahiko luke egileak. Gainera, Etxarriko eskolatik ere pasako da, emanaldia eskaintzeaz aparte, marrazki bizidunak nola egiten diren erakutsiko die haurrei Mauduitek. Nazioartean zabaltzeko Martinak ingelesa ikasi berri du eta batera eta bestera mugituko da banatzaile baten laguntzaz. Bitartean zuzendaria proiektu berrietarako finantzazio bila dabil.