Geroa Baik autobiaz aparteko Arabarako lotura eskatu du

Guaixe 2013ko abenduaren 9a

Nafarroako Gobernua Ziordiko Udalarekin konponbidea adostu eta gune gatazkatsu bati konponbidea ematea proposatu duAutobiak eta autopistak egiten diren bakoitzean haiei lotutako bigarren mailako errepide sarea egiten da. Hala egin da Sakanan. Ziordian izan ezik. Nafarroa eta Araba arteko errepide lotura bakarra A-1 autobia da eta handik ezin dira nekazaritza-ibilgailuak edo txirrindulariak ibili. Bi herrialdeak lotzen dituen pista bat badago, baina Nafarroako aldean asfaltatu gabe dago. Horregatik ez dute inguruetako herritarrek hura erabiltzen, ezta txirrindulariek ere. Azken horiek autobiatik joaten dira, debekua saltatuz eta arriskuan jarriz. Geroa Baik Sustapen Departamenduari mozio bidez eskaera luzatu dio "A-1 autobia ez den Nafarroa eta Araba arteko pasatzeko moduko lotura" egin dezala. Trafikoari dagokionean mugaldea "benetako gune gatazkatsu eta arriskutsua bihurtu da", koalizioaren iritziz. Departamentuaren eta Ziordiko Udalaren artean konponbidea adosteko eta bien artean lanak ordaintzeko eskatu du koalizioak. Manu Aierdi parlamentariak gogora ekarri du 2011ko udan Sakana eta Lautadako txirrindulariek lotura falta horretaz eta sortzen zuen arriskuaz gaztigatu zutela. "Orduko Guardia Zibilaren txosten batek arazo horren berri eman zuen eta autobiaren paralelo den pista bat asfaltatzeko proposamena egin zuen". Txosten horretan oinarrituta Ziordiko Udalak 2011ko lastailean Sustapen Departamentuari arazoa konpontzeko eskaera egin zion, baina Iruñan ez diote kasurik egin.