Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuta, Kirol Asteburua ospatu da asteburu honetan gurean. Lehenik eta behin, ostiralean kirol balioen inguruko hitzaldia eskaini zuen Luix Mari Zulaikak Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Nire seme-alabak kirola egitea nahi dut, baina… zenbat? nola? zertarako? galderari erantzuna ematen saiatu zen Zulaika, bildutako gurasoen kezkak argituz.
Larunbatean xakearen txanda izan zen. Data hauetan ohikoa denez, Sakanako Xake Txapelketa antolatu zuen Mank-ek, Sakanako Zaldi Beltza Xake Taldearen laguntzarekin. Aurten Ziordiko liburutegian jokatu zen txapelketa eta antolatzaileek Sakana Fundizioaren eta Ziordiko Udalaren babesa izan zuten. Aldi berean ELO 2000 puntutik beherako Nafarroako Txapelketa izan zen Sakanakoa.
33 xakelari lanean
Txapelketa 20 minutuko 8 partidara jokatu zen, 2 kategoriatan, helduen eta gazteen mailan. Partidak goizeko 10:00etan hasi ziren, eta bazkaltzeko etenaren ondoren, arratsaldean despeditu zen txapelketa. 33 xakelari lehiatu ziren eta jokalari bakoitzak zortzi erronda egin behar izan zituen. Txapeldun absolutua Mikel Ortega izan zen (Orvina kluba), bere klubeko kide Luis David Jimenezen aurretik. Aritz Idiazabal (Mikel Gurea) hirugarrena izan zen. Sakandar onena Cesar Razkin etxarriarra izan zen. Bestalde, 14 urtez azpiko kategorian Manex Regillaga gailendu zen.