Autobiaren hegoaldean dagoen pista ilbeltzeko aurreneko hamabostaldian asfaltatuko da. Iparraldean dagoen Eginorako bideari dagokionez, Sustapen Departamenduko teknikariak eta Ziordiko Udala harremanetan daude. Jesus Arrese alkateak azaldu digunez, “gaur egun toki batzuetan txirrindulari bat eta auto bat gurutzatzen badira, biak gelditu beharra dute. Horregatik, bide hori nola egin jakiteko ikerketa txiki bat eginen da”. Beharrezko zabalera emateko eta segurtasuna bermatu ahal izateko lur zati batzuk desjabetu beharko dira.
UPNko Mª Victoria Castillo Floristanek jakinarazi duenez, Sustapen Departamentua PSNren esku zegoenean, 2011n, udalarekin lan horiek egitea hitzartu zuen. Baina orduan ez zen gauzatu ahal izan. Geroa Baiko Manu Aierdik aurkeztu du mozioa, eta pozik azaldu zen sen ona izan delako parlamentuan eta gobernuan. Mozioaren alde egin dute PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, PPk eta I-Ek. UPNk kontra bozkatu zuen, arazoa konponbidean dagoelako.
Bizitza arriskuan
A-1 errepidea autobia bihurtu zenean, Araba eta Nafarroa arteko zerbitzu errepiderik ez zen egin. Bi herrialdeen arteko asfaltatutako lotura bakarra bihurtu zen. Baita txirrindulariendako ere, eta autobiara sartuz bizia arriskuan jartzen dute. Haietako batzuk gelditu egin zituzten Guardia Zibilak eta Ertzaintzak, autobian ezin daitezkeelako ibili. Baina bestelako biderik ez dagoenez, joaten uzten zieten. Altsasuko Guardia Zibileko trafiko arduradunak Ziordiko Udalari bideak asfaltatzeko eskaera egin zion. Aurretik udala makina bat aldiz egin dio eskaera bera Nafarroako Gobernuari. Azken aurrekoan, 2011n, PSNko Anai Astiz kontseilari zela. Hitz onak ez ziren gauzatu.