Aisialdi etxolak egiteko aldaketa onartu du udalak

Guaixe 2014ko uztailaren 17a

Aurtengo aurrekontuen bidez kontratazio bat eta kale konponketak eginen dira.

Ziordiko Udalak, aho batez, udal hirigintza planean aldaketa egitea erabaki du. Horren arabera lurzoru urbanizaezinean aisialdi etxolak jasotzeko aukera izanen da. Jesus Arrese alkateak esan digunez, krisi garaian askok landu gabe duten lursailean familia errenta laguntzeko bide bat ikusi dute. “Baratza, fruta-arbola batzuk, oiloak, ardiak eta beste jarriz egin daiteke hori. Gainera, aisirako ere erabil litezke”. Alkateak argitu digunez, ez dira etxeak izanen eta ez dute ez argindarrik ezta urik izanen. Udalak jasotako eskaerak bideratuko ditu eta eraikitzeko baimena Nafarroako Gobernuak emanen du.

Aurrekontua
Aurtengo Ziordiko Udalaren aurrekontua 417.000 eurokoa da. Jesus Arrese alkateak azaldu digunez, aurtengo aurrekontuak aurreko urteetakoen segida dira. Behera egiteko arrazoiak bi dira. Alde batetik, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza falta dago eta, bestetik, udalaren diru sarrera nagusietako bat den industria jarduera gaineko zergen jaitsiera dago.

Alkateak azaldu digunez, autobiaz hegoaldeko Ziordiko “enpresa guztien gaineko hipotekak exekutatu dira eta kutxen esku daude. Beste aldean, dagoen harrobian grebagatik jarduna murriztu zenez, udalak hitzartutako gutxienekoa jaso du”. Beraz, diru-sarreren araberako aurrekontua osatu zutela adierazi du alkateak. Aurrekontua NaBai-Independenteen aldeko lau bozkekin eta Bilduren abstentzioarekin onartu zen. Teodoro Percaz Mendia Bilduko zinegotziak azaldu digunez, “udalaren aurrekontuarekin ados gaude. Baina abstenitu egin ginen haiek osatzerakoan parte hartu ez dugulako. Alkatetzako taldeak ez gaitu ezertarako aintzakotzat hartzen”.

Inbertsioen atalean kale konponketarako 40.000 euro daude aurrekontuan. “Diru horrekin eta guk aurreztu dugunarekin, diru-zaintzako zati batekin baina ez guztia, lau kale konponduko ditugu”, azaldu digu alkateak. Kaleetako batean euri-urak jasotzeko sarea jarri eta zorua berrituko da, gainontzekoetan, berriz, soilik zorua berrituko dute. Bilduko Percaz kexu azaldu da kaleak konpontzeko partida ia zazpikoiztu egin delako, lan horiek pixkanaka egitearen alde azaldu da: “kale guztiak orain konpontzeko beharrik ez dago; heldu den urterako herria laukorik gabe utziko dute”.

Kontratazioa
Udalak deialdiaren baldintzak bete eta langabezian zegoen ziordiar bat kontratatu du sei hilerako. Bere egitekoak, besteak beste, garbiketa, igerilekuak, bideen hobetzea eta bestelakoak izanen dira.