Udala Aralurreko hondakinendako konponbide bila

Guaixe 2014ko uzt. 18a, 11:11

Enpresa itxi eta gero gelditu diren hondakinak kentzeko Ingurumen Departamentuari bilera eske ari zaio.

Aralur enpresak bere jarduera eten ondoren lantegiaren inguruan hainbat hondakin pila gelditu dira. Jesus Arrese alkateak esan digunez, “benetako arazoa da. Enpresa itxi da. Hondakinak hor utzi ditu eta inork ez du ezer esaten”. Arresek jakinarazi digunez, dagoen egoerari konponbidea bilatzeko Ingurumen Departamentuarekin eta jabetza kudeaketaren epaitegiko ordezkariekin bilera bat egin zuten otsailaren 25ean.

Ordutik ez da ezer egin eta Arrese kexu da maiatzaren 8an eta garagarrilaren 12an Ingurumen Departamentuari bilera egiteko eskatu ziotelako eta erantzunik ez dutelako jaso. “Hondakinak kendu egin beharko dira eta azkar egiten ez bada lurretik kutsadura ere kendu beharko da”, esan digu alkateak. Hondakinak kenduta pabilioietan jarduera jartzeko bakarren batek interesa izan dezakeela azaldu du alkateak.

Hondakinez
Aralur Gipuzkoako atez ateko bilketarekin jasotako eta guztiz konpost bihurtu gabea zegoen materia organikoa tratatzeko ekartzen hasi zen 2012ko udaberri hasieran. Ziordiarrek usainengatik kexu azaldu eta udalak Nafarroako Gobernuari jakinarazi zion hondakinak behar bezala biltegiratuak ez zeudela. Foruzainen ikuskaritzaren ondoren, jarduera hori egiteko Aralurrek hainbat lan egin behar zituela adierazi zuen gobernuak. Gaur egun 30 tona inguru materia daude lantegi inguruan.