Bazkal garaia, eskolatik ateratzeko garaia eta bizitzako beste makina bat eginkizunetarako ezinbesteko gaztigua ziren elizetako ezkila-hotsak. Ziordiar askok halaxe gogoratu zuten ostiralean, elizan, zahar-berritu duten erloju zaharrari begira. “Erlojua zegoen gelan hontzak egoten ziren” gogoratu du batek. Haien artean zegoen Benjamin Urdiain sukaldari izandakoa.
Epi Agirre zinegotziak azaldu digunez, erlojua 1890 eta 1900 urte bitartekoa da. “Elizako gela batean hondakinen artean botata zegoen eta inork txatarrerako bota baino lehen zaharberritzea erabaki genuen”. Teilatupetik jaitsi ondoren erlojugile batek piezak askatu zituen. Neguan udal langilea haiek garbitzen egon da eta hura despeditutakoan erlojugileak margotu eta berriro muntatu du erlojua. “Jatorrizko mahaiaren gainean dago erlojua. Baina aldamenean dauden pisuen altzaria propio egin dugu”.
Gaur egun Ziordiko udaletxeak du erlojua, ez elizak. Baina Agirrek azaldu digunez, “duela bost urte ezkila jotzeko tresna elektrikoa jarri zen sakristian. Hark ematen ditu orduak eta egiten ditu elizkizunetarako deiak”.