Tira-birak Ziordiko Udalean

Guaixe 2014ko urriaren 7a

Geroa Baik Bilduko zinegotzi baten “jokabide onartezina” salatu du. Bildutik diote eztabaida ez zuela zinegotziak eragin, “bilkuretan egiten den kontrol zorrotzaren ondorioz” hasi zela.

Ziordiko Geroa Bai taldeak irailaren 30eko udal bilkura eta gero batzar aretoan izan zirenak salatu ditu: “Bilduko zinegotzia den Teodoro Percazek Geroa Baiko zinegotzi baten kontra egin zuen gogotik”. Alkatetzako taldetik azaldu dutenez, “egundoko iskanbila sortu eta onartezinak diren akusazioak eta hitzak baliatu” zituen. Geroa Baitik adierazi dutenez, “hainbat lekukoren aurrean eta beste askoren artean, Percazek udal gobernu taldeko kideak hilik nahi zituela esan zuen, orduan bai poztuko zela gaineratuz”.

Alkatetzako taldeak “sutsuki gaitzetsi eta salatu dute jokabide hau”. Geroa Baitik adierazi dutenez, “gertakizun hau, Teodoro Percaz zinegotziak bere gain duen historial negargarria osatzera dator”. Horregatik, “ herrian bizikidetza baketsua bermatzearen alde, baita bere taldearen onurako ere, hobe luke udaletxetik bertatik sekula ez agertzea”.

Erantzuna
EHBildutik azaldu dutenez, “legegintzaldi berezia izaten ari da hau Ziordian, taldeen arteko harremanak tentsionatu diren legegintzaldia. Etengabeko erasoak, eztabaida beroegiak, bilkurak bertan behera uztea…erasoak, inoren gustoko ez diren egoeretan bukatzen direnak”. Koaliziotik zehaztu dutenez, “giro tentso honen baitan gertatu zen bilkuraren ostean izan zen eztabaida”. EHBildutik argitu nahi izan dutenez, “ez zegoen udal gobernuko kideak iraintziko inolako intentziorik. Eztabaida bera ez zuen Teodoro Perkazek sortu edo eragin, zinegotzi honek bilkura guztietan egiten duen kontrol zorrotzaren ondorioz hasi zela baizik”.

Koaliziotik jakinarazi dutenez, “orain arte bezala lanean jarraituko dugu, udalean Geroa Baik egiten duen kudeaketaren kontrol eta fiskalizazio zorrotzan”. EHBildun argi dute oposizio lana “ez du gustoko gobernu taldeak, beren prensa oharrean argi uzi baitute <ez gaituztela udaletxetik ikusi nahi>”.