Goizeder Casas: “Gu ongi gaude baina Kathmandu hiriko egoera oso zaila da”

Guaixe 2015ko api. 30a, 17:52

Goizeder, Tilo, Adei eta Lila.

Goizeder Casas eta bere familia Kathmandun bizi dira eta, zorionez, lurrikarak ez die kalterik egin.

Nepaleko lurrikara izugarriak milaka hildako eta zauritutako utzi ditu, eta herrialde suntsitu bat. Tartean harrapatu ditu ere hainbat sakandar. Goizeder Casas ziordiarra Kathmandun bizi da, eta berarekin internet bidez harremanetan jartzeko aukera izan dugu. Zorionez, bera eta bere familia onik atera dira eta ongi daude. Juan Martinez altsasuarra, berriz, Pokharanen dago. Berak adierazi digunez, Pokharanen ez zen apenas lurrikara nabaritu, dardar batzuk besterik ez, eta ongi dago. Goizederrekin egon gara.


Goizeder Casas
Kathmandun bizi den ziordiarra

Noiztik bizi zara Kathmandun?
Orain dela urte eta erdi nire senarraren lanarengatik etorri ginen Nepalera, ni nire bikiekin haurdun nengoela. Datorren asteartean, maiatzaren 5ean, Luxemburgora goaz bizitzera.

Nola bizi zenuten lurrikara?
Bueno, berehala konturatu nintzen lurrikara zela. Haurrekin egongelan jolasten geunden, ni eta Lila, haurrekin laguntzen gaituen Nepaleko emakume bat. Nik Tilo hartu nuen eta pareta baten kontra jarri nintzen. Lilak Adei hartu zuen eta kalerantz korrika hasi zen. Nik, Lila ikusita, berdina egin nuen. Oso zaila izan zen kalera ateratzea, etxe guztia mugitzen zen eta pareta eta gauzekin kolpatzen ginen. Eskerrak gure etxea handia dela eta kalean ere leku asko eta irekia daukagun. Lorategian eseri ginen eta etxerantz begiratzen genuen. Leiho guztiak ireki ziren eta etxea izugarri mugitzen zen. Beldur izugarria neukan eta Lilak negar egiten zuen, bere familia eta etxean pentsatuz. Gure etxea oso sendoa da eta ez du kalterik izan. Lilaren familia ondo dago, baina etxea galdu dute.

Argi indarra, telefonoa, ura... Hori guztia gabe geratu zineten?
Nire telefonoa lehenengo bi egunetan ezin izan nuen erabili. Nire senarra Istanbuleko bidean zegoen lurrikara gertatu zenean, eta ezin nuen abisatu, ezta ama eta aita ere. Eskerrak nire senarrak Lila deitu zuela. Lilaren telefonoa batzuetan erabili genezakeen. Argia, ura, interneta, dena bertan behera geratu zen.

Nola zaudete? Zauririk izan duzue?
Oso ondo gaude, zauririk ez, susto handia gorputzean baina hori da dena. Eta orain lurrikara txikiak sentitzean beldurra bueltatzen da.

Oinarrizko zerbitzurik gabe jarraitzen duzue?
Ez, argia eta ura hirugarren egunean bueltatu ziren eta orain interneta ere badaukagu batzuetan.

Zein da, oro har, egoera egun?
Kathmanduko iparraldean egoera nahiko lasaia da. Dendak irekita daude eta denetarik aurkitzen dugu. Jende pila dago kalean lo egiten eta euria dela eta, gauak ez dira errazak. Etxeko manta eta izara guztiak banatu ditugu eta gure lagunak eta ezagunak laguntzen saiatzen gara. Ni ez naiz hirira jaitsi baina nire senarra egunero hirira doa, eta hiriko egoera oso ezberdina da. Etxe pila erori dira, milaka pertsonak kalean egiten dute lo dendarik gabe eta euripean, eta ospitaleek ez dute lekua horrenbeste zaurituendako. Pashupathina tenpluan hildakoen ehunka gorputz erretzen dituzte eta giroa, orokorrean, oso tristea da.

Zein da zuen asmoa Goizeder? Luxemburgora lehenbailehen etortzea? Nola dago aireportuetako egoera?
Luxemburgora datorren asteartean joango gara aurretik planteatua genuen bezala. Aireportua jendez beteta dago eta bidaia-txartela gabe sartzea ezinezkoa da. Hala ere, milaka pertsona saiatzen dira Nepaletik ateratzen eta aireportuko egoera oso zaila da.