Igandean Ziordian korrika

Guaixe 2015ko eka. 6a, 11:38

Ziordiko II. Herri Krosa antolatu dute igandean. 11:00etan kategoria txikiko probak jokatuko dira eta 12:00etan proba nagusia (6,8 km). Proba aurretik izena eman daiteke

Aurreko urteko arrakasta ikusita, Running Ziordia taldeak II. Ziordiko Herri Krosa antolatu du iganderako. Goizeko 11:00etan kategoria txikiko probak hasiko dira eta 12:00etan proba nagusiaren txanda izanen da.

Antolatzaileek Ziordiko herri gunea hartzen duen zirkuitu polita prestatu dute. Korrikalariek hiru itzuli eman beharko dizkiote aipatu zirkuituari, guztira 6,8 km osatzeko. Lasterketa nahiko laua da, 300 metroko aldapa bat izan ezik. Proba Sakanako Atletismo Koparako baliagarria izango da, aurreko larunbatean Iturmendin jokatu zen Aitzkozar lasterketaren ondotik bigarren proba puntuagarria. Helburua atletismoa sustatzea eta Ziordia herria erakustea da.

Bukaeran, auzate ederra egonen da parte-hartzaile guztiendako eta antolatzaileek produktu loteak zozketatuko dituzte izena aurretik eman duten korrikalari guztien artean. Sailkatutako lehenengoek saria jasoko dute.

Izena ematearen truke Paris 365 jantoki sozialerako jakiak jasoko dira
Ziordiko lasterketan izena emateko aurretik www.dantzalekusakana.com web gunera jo behar da. Bestela, egunean bertan eman ahalko da izena, goizeko 10:00etatik 11:00etara, Ziordiko elkartean. Izena ematea dohainik da, baina izena ematen dutenek derrigorrezkoa izanen dute probara elikagaiak ematea, Paris 365 jantoki sozialerako jaki bilketa eginen baitute antolatzaileek. Gomendio moduan, haurrek gutxienez kilo bateko elikagaiak eman beharko dituzte, eta nagusiek gutxienez 2 kiloko kopurua.

Aurreko urtean 110 korrikalarik hartu zuten parte proba nagusian eta Antonio Etxeberria (22:05) eta Izaskun Beunza (29:52) izan ziren garaileak.