Lehertu da festa Ziordian

Guaixe 2015ko ira. 4a, 13:41

Jose Ignazio “Axio” Floresen senitartekoek eman diete hasiera festei

Jose Ignazio “Axio” Flores aizkolaria zena gogoan hasi dira Ziordiko festak. Bere seme Iurgi Floresek, aita gogoan, enbor bat erdibitu du eta ondoren aurreskua dantzatu dute Ziordiko gazteek. Axio Flores zenaren emazte Begoña Mendiak lore sorta jaso du eta Ziordiko festei hasiera eman dio, suziria piztuta. Emozionatu egin dela aitortu du Mendiak.



Segidan omenaldien txanda iritsi da. Lehenik eta behin 2014an jaio ziren ziordiarrek zapi gorria jaso dute, eta ondoren omenaldia egin zaie Ziordiko nagusienei. Andres Perkaz (93 urte) da gizonezko nagusiena, bere emazte Maria Goikoetxea (91 urte) eta honen ahizpa Angeles Goikoetxearekin (95 urte) batera.

Azpilagañako erraldoien konpartsak jarritako doinuei jarraiki, jai giroa zabaldu da herrian barna. Horretan asko lagundu dute neska-mutikoen koadrilek. Astearteraino luzatuko diren festetan mota guztietako ekitaldiak prestatu dituzte eta guztiak gaude gonbidatuak Ziordiko jaiak ospatzera.

2014an jaiotako haurrak
Amets Arregi Mendizabal, Jare Urritza Irizar, Itsaso San Vicente Fernandez, Luca Urretabizkaia Pozueta, Tilo eta Adei Engelman Casas, Eneko Martinez Pinto, Kier Waller Perkaz, Jeiko Aguayo Fernandez, Maddi Iglesias Etxaniz, Xumai Izagirre Ormazabal eta Iñigo Otsoa Perez.